Zergatik galtzen dituzte hostoak landare batzuek udazkenean, eta beste batzuek, aldiz, mantendu?

Erantzuna arrazoi energetiko eta fisiologikoetan dago

Landare batzuek udaberrian hostoak sortzen dituzte eta udazkenean galtzen dituzte. Beste batzuek, aldiz, hostoei eusten diete urte osoan zehar. Zertan oinarritzen da joera desberdin hori? Erantzuna baldintza-aldaketara egokitzeko garatu dituzten estrategia energetiko eta fisiologikoan datza.

Hostoez libratzea, zentzuzko aukera

Udaberrian eta udan, ingurumen-baldintzak (tenperatura, argia eta hezetasuna) fotosintesirako egokiak dira. Garai horretan, hosto erorkorreko landareek argia atzemateko hosto zabal eta meheak sortzen dituzte. Hosto horietako bat landaretik kenduz gero, denborarekin samurtzen dela sumatuko dugu. Izan ere, landaretik bereiztean, ez du barruko ur presioa mantentzeko ur-hornidurarik. Lehortzen uzten badugu, bere pisua% 70-80 jaisten dela ikusiko dugu, urez beteta izateak hostoaren forma mantentzen baitu. Materialetan eta energian egindako inbertsioa, beraz, oso baxua da kasu honetan.

Udazkeneko eta neguko hotza iristen direnean, argia ahulagoa da, eguna laburtzen joaten da eta tenperaturak behera egiten du; hala, fotosintesia moteldu egiten da eta izozteko arriskua areagotu. Arrisku hori saihesteko eta energia aurrezteko, hosto erorkordun landareek hostoak erorarazten dituzte, aurrez haien eduki baliotsuenak, sustrai eta erraboiletara bideratuz. Mekanismo hau zeharo ezaguna da, Reich eta lankideek (1992) baieztatzen dutenez (ikus erreferentzia). Beraz, hostoen erorketak ur galera eta klima hotzak eragindako kalteak saihesten ditu.

Hosto iraunkorreko landareen jarraipenaren apustua

Bestalde, hosto iraunkorreko landareek hostotza sendoagoa garatu dute. Baldintza gogorrei (izoztea, lehortzea, haize bolara bortitzak) aurre egiteko, kutikula lodi, erretxinatsuak eta egitura aproposa duten hosto finak (azikulak) eratu dituzte. Pinu batetik adartxo bat kentzen badugu, ez da denborarekin samurtuko, haren forma ez dagoelako barneko uraren presioaren menpe. Lehortzean, pisuaren %63-64a baino ez du galtzen. Egitura sendoez gain, barnean izoztea eragozten duten proteina bereziak eta azukreak ere baditu, izotz-kristalak saihesten dutenak. Ezaugarri horiek izozteak eragindako kaltetik babesten dituzte, eta aukera ematen dute neguko etenaldi eguzkitsu, labur eta goxoetan fotosintesia ekiteko. Beraz, landare hauek arrazoi serioak dituzte materia eta energia gehiago hosto iraunkorretan inbertitzeko. Larcher ikertzailearen arabera (2003), hosto mota hori ondo egokituta dago urtaroko fluktuazio neurritsuak eta nahiko lehorrak dituzten klimetara. Wright-ek eta bere lankideek (2004) nabarmendu dutenez, hosto iraunkorrek fotosintesi tasa baxuagoak izan arren, urtean zehar irauten dute, eta horrek hasierako inbertsio energetikoa justifika dezake.

Ondorioa

Erromeroa, hosto iraunkorreko zuhaixka bat

Hostoak galtzeko edo mantentzeko erabakia eraginkortasun energetikoaren eta egokitzapen fisiologikoaren arazo bati erantzuten dio. Hosto erorkorreko landareek udazkenean eta neguan baliabideak aurrezten dituzte, eta iraunkorrek, berriz, hosto iraunkorretan inbertitzen dute, urtaro guztietan energia atzemateko edozein aukera aprobetxatzeko. Ondorio horiek ikerketa zientifiko ugarik babestu dituzte, landareen fisiologia ingurunera egokitzearekin eta baliabideen kudeaketarekin estuki lotuta dagoela azaltzen dutenak (Salisbury & Ross, 1992).

Non ikus dezakegu landare mota bat bestea baino hobeto egokitzen dela? Gune epeletan, hosto erorkorreko landareak ikus ditzakegu urtaro beroenetan eta argitsuenetan, baita hosto iraunkorreko landareak ere. Baina lurzoruak ura atxikitzeko ahalmena duen lekuetan, hosto erorkorren landareak dira nagusi. Aldiz, eremu idor eta harritsuetan, ur gutxiago dagoen tokietan, hosto iraunkorretako landareak dira okupatzaile nagusiak, urarekiko menpekotasun txikiagoa dutenez. Azkenik, hosto iraunkorreko landareak iparraldeko eskualdeetan nagusitzen dira, Eurasiako iparraldean adibidez, eta Ipar Amerikan, non neguak luzeak diren eta ura ez dagoen eskuragarri (izotz moduan dagoelako), eta udak oso motzak.

Erreferentziak

·      Reich, P.B., Walters, M.B., & Ellsworth, D.S. (1992). Leaf life-span in relation to productivity and environments. Trends in Ecology & Evolution, 7(12), 453-457.

·      Larcher, W. (2003). Physiological Plant Ecology. Springer.

·      Wright, I.J., Reich, P.B., & Westoby, M. (2004). The worldwide leaf economics spectrum. Nature, 428, 821-827.

Oharra: Lan hau Hondarribiko Udaleko Euskara zerbitzuaren laguntzaz zuzendu da.

Gai honi lotutako postak: Zuhaitzari musu, Lurzorua eta Landareak

Siguiente
Siguiente

Nola osatzen diren landareak beldarren erasoen ondoren