Orbelaren Birziklapena
Udazkenero, zuhaitz askoren hostoak erori aurretik horitu, gorritu edo zuzenean marroi bihurtzen dira. Behin lurrean, orbela neguan zehar desegiten joaten da. Artikulu honetan, eroritako hostoak ongarri ilun eta balioaniztun bihurtzen duen prozesua aztertuko dugu, urari atxiki eta, aldi berean, aireztatua izateko gaitasuna duena. Lurzoruaren biztanleentzat ezinbestekoa den osagaia, landareak barne: humusa.
Eratu berri den orbelak lurzoruko izakiei estalki baten antzeko babesa ematen die. Batetik, hezetasunari eusten dio, udazkeneko haize lehorren aurrean. Gainera, bat-bateko tenperatura-aldaketak modulatzen ditu. Berak babesten duen izaki komunitatea, ordea, izango da orbelaren deskonposatzeari ekingo diona, urrats-segida antolatu batean.
Deskonposizioaren Etapak
· Urberritzea (edo lixibiazioa): Hostoek lurra ukitu orduko, euria eta ihintza hainbat substantziak arrastatzen hasten dira. Horietako batzuk lurzoruko mikrobioek erraz asimilatzen dituzte, hala nola azukreak, aminoazidoak, azido zitrikoa edo malikoa, baita potasio, magnesio eta kaltzio gatzak ere. Beste batzuk, ordea, barneratzeko zailak edo zertxobait toxikoak dira, hala nola substantzia fenolikoak edo taninoak. Baina lurzoruan sakabanatuz gero, errazago degradatzen dira mikrobio-kontsortzioen bidez.
Isopodoak, edo kukurutxak, orbela zatikatzen duen mesofaunaren kide dira.
Hala, hostoak inhibitzailetik libratuta, mikroorganismo kolonizatzaileentzat eskuragarri daude, haien gainean ezartzen baitira zelulosa eta lignina astiro degradatzeko. Prozesu goiztiar horrek hostoak bigundu eta gustagarriago bihurtzen ditu lanean hasteko zain dagoen zatikatze-ekipoarentzat.
· Zatikatzea: Zizare-, milpies- eta isopodo-ornogabeak (mesofauna) lanean hasten dira hostoak puskatan mastekatuz. Txikitze horrek hostoen azalera handitzen du, eta are gehiago, errazten du ornogabe txikiagoek (mikrofauna, milimetro bateko tamaina baino txikiagoa dutenak) lan bera egitea.
Onddoek substratuak kolonizatzen dituzte, eta, beste gauza batzuen artean, zelulosa eta lignina degradatzen dituzte.
· Mikrobio-deskonposizioa: Mikrobioek degradatzaile kimiko gisa eragiten dute hostoetan. Onddoek jada bigunduak dituzte hostoak, eta orain agerian geratzen diren zelulosa eta lignina partikula txikiak desegiten hasiko dira. Bakterioak elkartu egiten dira, eta molekula sinpleagoak deskonposatuz eta kapsulatuta zeuden mantenugaiak askatzen laguntzen dute.
· Humifikazioa: Aurreko prozesuen emaitza humusa eratzea da: materia organiko ilun eta egonkorra, mantenugaiak dituena eta landareen sustraiekin lankidetzan aritzen diren mikroorganismo-partzuergoak bertan dituena.
Humusaren Onurak Landareen Osasunerako
Humusak belaki baten moduan eragiten du, eta urari atxikitzeko gaitasuna hobetu egiten du, lehorrean duen pisua halako hamar! Humusaren bolumenaren erdia baino gehiago aireak osatzen du, eta horrek lagundu egiten du sustraiak eta horien partzuergo aerobikoak (airea arnasten dutenak) airean zehar libreki zabaltzen. Humusak poliki-poliki askatzen diren mantenugaiak baditu, gainera.
Beste Ziklo Ziologiko Batzuekin Lerrokatuta
Akaroak milimetro bat baino txikiagoak dira, eta lurreko mikrofauna zabalaren parte dira.
Eguraldiari dagokionez, ohikoa den urte batean, urberritze-prozesua astebetean edo bi astetan gerta daiteke, urritik azarora bitartean. Zatiketa, azarotik eta otsailera bitartean. Mikrobio-deskonposizioa abenduan hasiko litzateke, eta apirilera arte iraungo luke. Humus heldua maiatzetik abuztura bitartean prest egon daiteke. Data horiek bat datoz hazkunde begetatiboaren, loratzearen eta landareek fruituak ekoizten dituzten garaiarekin.
Ondorioa
Eroritako hostoen birziklapena baso eta parkeen bizi-zikloaren zati bat da. Bere dinamika ekosistemaren prozesu biologikoekin lotuta dago, beraz. Orbela kentzeak lurzoroa ahultzea ekartzen du, horrenbestez. Hostoak belarraren gainean ez badituzu gustoko, jaso ondoren, txoko batean bildu eta udaberrian, sortutako humusa arinki zabaldu. Emaitza politak emango dizkizu. Neguan zehar, pilatutako orbelera hurbiltu eta ikuskatu barnea. Hemen azaldutako lan eta langileak topatuko dituzu!
Erreferentziak
· Baso bateko orbelaren zatikatze-fasea erakusten duen bideoa. Lehenengo herenean, gutxi gorabehera, ornogabe handienek baino ez dute parte hartzen, hala nola zizareek eta isopodoek. Ondoren, mikrofaunaren (txikiagoak) esku-hartzea ikus daiteke, tamaina txikiagoko hondarretan eraginez. Hortik aurrera, degradazioa gero eta gehiago azkartzen da, mikrobioak martxan jartzearen ondorioz, seguru asko.
· Artikulu honen aurreko bi sarreretan aurki dezakezu informazio gehiago: Lurzoru Bizia eta Lurzorua eta Landareak.
· La Vida en la Hojarasca. Johnson, E.A. y Catley, K.M. American Museum of Natural History (2005) PDF
Erreferentzia Teknikoak
· Prescott, C.E. (2010). "Litter decomposition: what controls it and how can we alter it to sequester more carbon in forest soils?" Biogeochemistry, 101(1-3), 133–149.
· Berg, B., & McClaugherty, C. (2014). Plant Litter: Decomposition, Humus Formation, Carbon Sequestration (3rd ed.). Springer.
· Bradford, M.A. et al. (2016). "A test of the hierarchical model of litter decomposition." Nature Ecology & Evolution, 1, 1836–1845.
· Wardle, D.A., Bardgett, R.D., Klironomos, J.N., Setälä, H., van der Putten, W.H., & Wall, D.H. (2004). "Ecological linkages between aboveground and belowground biota." Science, 304(5677), 1629–1633.
· Swift, M.J., Heal, O.W., & Anderson, J.M. (1979). Decomposition in Terrestrial Ecosystems. University of California Press.
Oharra: Lan hau Hondarribiko Udaleko Euskara zerbitzuaren laguntzaz zuzendu da.