Erle-Ikastuna
SERIEAREN SARRERA. Munduaz dugun ulermena eta kokapena jasotako gure ikuspegien baitan oinarrituta dago. Baina, informazio hori barneratzerakoan, aldez aurretiko ikuskera batzuek gure arrazoiketa alde batera utz dezakete.
“Adan-en Sorrera”, Miguel Angel. Kapera Sixtinoa
Naturarekiko harremanei dagokienez, hain zuzen, gure mundu-ikuskerak beste espezieengandik bereizten gaitu. Denok ikasi dugu ondorengo pasarte hau: «Jainkoak esan zuen: «Egin dezagun gizakia; izan bedi gure irudiko, gure antzeko; mendera ditzala itsasoko arrainak, zeruko hegaztiak, abereak, basapiztiak eta lurrean narraska dabiltzan piztia guztiak»..Jainkoak, beraz, bere antzeko egin zuen gizakia, Jainkoaren beraren irudira egin zuen; ar eta eme egin zituen.”» (Gn 1,26-28.31a). Agian, horrelako baldintzatzaileek beste izaki bizidunen gaitasunak ez estimatzea eragin dute, baita zientziaren esparruan ere. Adibide gisa, René Descartes-ek animalia-makina izena asmatu zuen XVII. mendean, animaliek asmorik ez eta kontzientziarik ez zutela azpimarratzeko.
Hau “Intsektu baten Gogoa” seriearen lehen atala da. Serie honetan, eboluzioan gugandik oso aldenduta dagoen eta tamaina askoz txikiagoa duen izaki talde baten adimenari helduko diogu. Ikasitakoak beste bizidunen adimenari eta kontzientziari buruz ditugun eskemak zalantzan jartzera eramango gaitu. Has gaitezen jaio berri diren erleen ikasketarekin.
Erle-Ikastuna
Beirazko plakak hainbat posiziotan jarriz lortutako erlauntzen modeloak. (Gallo eta Chittka, 2018).
Ez da gaurko kontua. 1814an, François Huber entomologo suitzarra eta haren taldea ohartu ziren erleek beren abaraskak beirazko plakekin ezartzen zitzaizkien espazio- eta orientazio-murrizketetara egokituz eraikitzen zituztela. Beiraren gainazal leunak ez die uzten erleei horri eusten abaraska eraikitzeko. Plaka goialdean jartzen zenean, erleek ezin zuten eraikuntzako ohiko patroia jarraitu, goitik beherakoa, alegia. Baina, erlauntza proiektua bertan behera utzi beharrean, behetik gora hasten ziren eraikitzen. Goiko aldera iristean, ez ziren saiatzen erlauntzari nola edo hala eusten, baizik eta kontaktua dotoreziaz saihesten zuten, alde batetik besterako pasabidea ahalbidetzen zuen tartea utziz. Beirazko plakaren kokapena edozein izanda ere, erlauntza behar bezala eraikitzen zuten, beirarekiko kontaktua saihestuz. Esperimentu argigarri horiek Gallo eta Chittka ikerlariek 2018. urtean errepikatu zituzten (eskuinean).
Adimena eta Sena aurrez aurre
Deskribatu berri dugun erantzunerako behar diren gaitasunak portaera automatiko batetik haratago doaz: erronka zehatz eta konplexu bat barnean hartu eta irtenbideak aurkitzean datza. Puntu honetan bi kontzeptu bereiztea lagungarria izango zaigu. Sena espezie bateko kide guztien mekanismo, berezko, automatiko eta bereizgarria da. Bestalde, Adimena edo Kognizioa aurreko esperientzietan oinarritutako irtenbideak aztertu eta bilatzea dakar. Lehenengoa zirkuitu genetikoei dagokiela esan daiteke; bigarrenak, berriz, aldez aurretik gaitasun kognitiboa eta komunikatiboa izatea eskatzen du, baina bere behaketa edo ikaskuntza, edo beste norbanako batek transmititutakoa hartzen du barnean. Ikus dezagun orain nolakoa den erle baten bizitzako lehen etapa. Ikaskuntzarena.
Erle baten bizitzako lehen 10 egunak erlauntzaren barruan igarotzen dira, larben zaintzan laguntzen eta beste barruko lanak ikasten. Komunikazio-portaera eta -erritualak ere sumatzen dituzte, hala nola, "Erleen Dantza", erle biltzaileek nektarrean eta polenean aberatsak diren loreen kokapena zehazten duen koreografia (ezkerrean). Esperimentu bidez frogatu da dantza hau ikasteko lehen hamar egunetan ikusterik izan ez duten erleek ez dutela gero behar bezalako “dantza” egiten, eta ondorioz, helarazten duten informazioa okerra dela. Horrek agerian uzten du erle bakoitzak koreografiaren funtsezko alderdiak buruz ikasi behar dituela.
Beraz, alderdi jakin batzuk garaiz ikasi behar dira, funtzionaltasuna lortzeko. Azken urteetan argitaratu diren lanek adierazten dute dantzaren ikaste prozesuak loaldiaren ametsetan finkatzen direla erle gazteetan. Beste ebidentzia batzuek baieztatzen dute beste ataza asko ere ikasi egin behar direla, funtzionaltasuna lortzeko.
Txikoria-belarraren lore bat argi ultramorearen pean (ezkerrean) eta argi zuriaren pean (eskuinean). Erleen ikuspegiak bi argi espektroak sumatzen ditu, eta loreei buruzko informazio aberatsagoa jasotzen du.
Hasierako ikastaldiaren ondoren, erle gazteek beste lan batzuk egiten dituzte erlauntzan, sarreraren zaintzea barne. Hirugarren astetik aurrera, berriz, jada erlauntzatik ateratzen dira. Bilatzaile hasiberriak ez dute erleen dantza-n ikusitakoa soilik hartzen loreak aurkitzeko, erlebiltzaile beteranoen ildotik jarraitu ere egiten dute. Gero, ordea, beraien aurkikuntza propioen parte ematea espero da. Beraz, beraien esplorazioak egitera behartuta daude. Loreen koloreak erakartzen ditu (batez ere urdinak eta moreak, eskuinean), baina behaketak eta lore ezberdinekin kontaktuan jartzeak bakarrik ahalbidetuko die lore egokienak eta nektarra ekoizteko une gorenean daudenak ezagutzea.
Ondorioa
Deskribapen labur honetan, erle gazteek ikasi behar dituzten zereginak zehaztu ditugu. Izan ere, erlauntz bakoitzaren ingurunearen ezaugarriak konplexuak, espezifikoak eta, gainera, denboran zehar aldakorrak dira. Egoera hauetara egokitzea ezinezkoa da sena hutsaren bidez, senak prozesu zurrun eta mekanikoak sortzen baititu.
Ikaskuntza prozesu kognitiboa da, eta une bakoitzean egoera bakoitzari egokitutako erantzun zuzena prestatzeko behaketa, memoria eta gaitasuna eskatzen ditu. Gainera, ikaskuntzak “bestea”, irakaslea, onartzea dakar. Kontzientziaren atariko ezaugarriak dira horiek.
Hurrengo artikuluan erleek beren bilketa-ibilbideak nola antolatzen dituzten jorratuko dugu.
Erreferentziak
· Abaraska bateko bizitzari buruzko dokumentala (gaztelaniaz).
· Dibulgazio-artikulu honek erleen dantzaren ikaskuntzari buruz dakiguna azaltzen du. Science News (2023) (Ingelesa).
· Erleen garunak giza ikaskuntzaren sekretuak ezagutarazten ditu. Erleen ikaskuntzaren neurokimikari buruzko dibulgazio-artikulu berria (gaztelaniaz).
Erreferentzia teknikoa. (Ingelesa)
· Erlauntzaren eraikuntza beirazko plakekin. Gallo eta Chittka, 2018
· Erleen dantzaren ikaskuntzaz, ikasketa. Dong eta lankideak (2023) eta Dunlap A.S, (2024).
· Erle biltzaile debutarien eta beteranoen arteko desberdintasunei buruz, eta haien lehentasunak esperientziarekin nola aldatzen diren, Ajad eta Arenasen azterketa (2025).
Oharra: Lan hau Hondarribiko Udaleko Euskara zerbitzuaren laguntzaz zuzendu da.