Aurreko sarreran, erleen erlauntza barruko ikasketa faseari heldu genion: “Erleen dantza” ezagutu geunen, baita biltzaile beteranoen laguntzaz egindako lehen irteerak ere. Artikulu honetan erleen eta erlastarren bilketa-lanetarako trebeziei buruz arituko gara.

Erle bat, Mapa bat

Biltzaile hasiberriek egiten dituzten lehen bidaietan “erleen dantzak” adierazten dien lore-kokapenak bilatzen dituzte. Baina, ibilbideak berak nabigaziorako beste erreferentzia batzuk barneratzeko aukera eskaintzen die, hala nola zuhaitz bat, erreka bat, eraikin bat... Halako puntuak inguruko mapa berri batean barneratzen joango dira. Erle bakoitzak sortuko du bere ibilbidearen mapa zehatz eta banakoa. 

Esperimentuaren ebaketa ikusteko, egin klik irudian

Biltzaile berriek erlauntzetik bost kilometroko erradioaren bueltan miatzeko aukera izango dute, bakoitza bere auzo propioaren bila dabilela. Nektar- eta polen-iturri aberats bat aurkitzen duenean, erlauntzera itzuliko da, inguruaz eratu duen mapan oinarrituta. Egoera honen antzeko esperimentu bat erakusten da eskuineko irudian, non bost erle erlauntzetik 1 km-ra askatu ondoren, beren erreferentziak erabiliz erlauntzera itzultzen diren.

Azpiko irudiak erleen barneratutako maparen osaketa azaltzen du bideo zati batean.

Ibilbidea Hobesten

Bideo zatia ikusteko egin klik irudian

Haz gaitezen orain erle hasiberriek aurre egin behar dieten erronkei begirada bat ematen. Alde batetik, nektar eta polen iturri onak aurkitu behar dituzte, eskuragarri dauden bitartean ustiatu ahal izateko. Baina, bestetik, ibilbideko beste lore batzuen azterketa eta jarraipena egin beharko dute, biltzeko une egokian bisita egiteko. Beraz, erleek gogoratutako mapak gutxienez bi helburu horiek betetzeko informazioa bildu beharko du, besteak beste!

Bideo zatia ikusteko egin klik irudian

Hurrengo ikerketek zehazten dute erleek nola kudeatzen dituzten beraien bilketa ibilbideak. Erlastarrekin egindako saiakera batean, nektar artifizialez hornitutako bost puntu kokatu ziren zelai batean. Ondoren erlastar ale baten ibilbideak radar bidez jarraitu ziren. Eskuineko bideo zatiak erakusten ditu erlastar bakar batek (B74) egindako 33 ibilbideak. Lehenengo hogei bidaietan, hornidura-lekuak aurkitzen zituen bitartean, tarteka beste esplorazio batzuk egin zituen. Bost hornidura-puntuak aurkituta eta aberatsenak zirela ondorioztatu ondoren, 21. bidaiatik aurrera horietan jarri zuen arreta.

Erlastar baten lehen eguneko ibilbideak. Bideo zatia ikusteko egin klik irudian

Beste esperimentu batean, ikertzaile talde berak erlastar batek bizitzan zehar zelai batean egindako ibilbideak jarraitu zituen. Ondorengo irudietan hiru etapetan erakusten dute ikusitakoa. Lehenengo egunean erlastarrak ausazko prospektiba patroi bat erakutsi zuen (ezkerreko irudia eta bideoa). Kontakizunean, ohartu zaitez, narratzaileak basoan dagoen puntu bat seinalatzen du. Bigarren egunetik seigarrenera, kokapen bakar batean jartzen du arreta (azpi-ezkerreko irudia). Egun euritsu batzuen ondoren, bere bizitzaren azken egunetan (11-13), narratzaileak aipatzen duen kokapena bisitatzen du (azkeneko irudia). Erlastarrak lehen egunetik ez zuen bisitatu kokapen hori, gogoan zeukan, ordea!

Erlastar batek egindako ibilbideak bizitzaren 2. eta 6. egunen artean.

Ondorioa

Erlastar batek egindako ibilbideak 11. eta 13. egunen artean.

Artikulu honetan bildutako aurkikuntzek adierazten dute erleek eta erlastarrek beren inguruari buruzko informazioa biltzen dutela beren ibilaldietan, eta buruzko mapa bat osatzen dutela. Mapa horretan bisitatutako lore motak eta haien orainaldiko eta etorkizuneko balioa ere barnean hartzen dituzte, nektar- eta polen-iturri gisa bereiztuz. Informazio horri esker, bilketa-bideak balioztatu eta horiei buruzko erabakiak har ditzakete. Erabaki horien logika eraginkortasunean oinarritzen da, baina baita tokian tokiko baldintzen aldaketen aurrean beste aukera batzuk eskuan izateko beharrean ere. Dinamika hori guk geuk erosketak egiteko orduan, adibidez, aplika genezakeenaren antzekoa dela argudiatu daiteke.

Azaldu ditugunak bezalako prozesu kognitiboak animalien artean banatuta daudela dirudi, animalien tamaina edo eboluzio-historia edozein dela ere. Ezaugarri horren arrazoia izan daiteke egoera konplexu eta aldakorretara egokitzeak kognizioa eskatzen duela, senean kodetuta dauden portaera automatikoetatik harago.


Erreferentziak

·      Erlastarren, liztorren eta beste intsektu batzuen adimen harrigarria | DW Dokumentala. Intsektuen adimena deskribatzen duen gaztelaniazko dokumentala. Dokumental honetatik atera dira 1. eta 2. zatiak.

·      Radar Tracking and Motion-Sensitive Cameras on Flowers Reveal the Development of Pollinator Multi-Destination Routes over Large Spatial Scale (2012). Erlastarren ibilbidearen optimizazioari buruzko erreferentzia (3. zatia)

·      Life-Long Radar Tracking of Bumblebees (2016). Erlastar batek bere bizitzan zehar baldintza basatietan sortutako maparen erreferentzia erlastarren ibilbidea (4. zatia eta hurrengo irudiak).

Oharra: Lan hau Hondarribiko Udaleko Euskara zerbitzuaren laguntzaz zuzendu da.





Anterior
Anterior

Intsektuak Laborategian

Siguiente
Siguiente

Erle-Ikastuna