Intsektuak Laborategian

Intsektu baten Gogoa serieko hirugarren artikulua da hau. Aurreko artikuluetan erleek beren ingurune naturalean duten portaera deskribatu dugu. Hala ere, animalien portaera ikertzen duten espezialistek baldintza kontrolatuetan diseinatu behar dituzte probak, beraien analisiarekin zerikusirik ez duten interferentziak baztertu ahal izateko. Egoera berezi horietan, erleen gaitasun kognitiboei buruzko aurkikuntza oso adierazgarriak lortu dira.

Behatuz Ikastea

Bideoa ikusteko egin klik irudian

Aurreko artikuluetan azaldu dugunez, bilketan hasiberriak diren erleek biltzaile beteranoen laguntza jasotzen dute. Emaitzetatik ondorioztatu daiteke ikaskuntza horrek nabigazioan onurak ekartzen dituela. Ikaskuntza-prozesu hori zehaztasunez ulertzeko, azpian deskribatzen ditudan proba bereziak diseinatu ziren.

Bideoa ikusteko egin klik irudian

Eskuineko bideo zatian, ikertzaileek ur azukretuaz kargatutako lore artifizialak jarri zituzten metakrilatozko plaka baten azpian. Saria ez zegoen eskuragarri, baina plakaren azpitik irteten zen hari bati lotuta zegoen. Erlastar gutxi batzuek, proba eta akatsen bidez, sokatik tiraka erronka ebatzi zuten (eskuineko irudia). Hain buru-argiak ez ziren batzuek, berritzaileei arretaz begiratuz soluzioa ikasi zuten, ordea. Hasiera batean, erlastar trebatuari laguntzen zieten, eta, azkenik, beren kabuz ariketa burutu zezaketen. Portaera horri esker, abilezia berri bat berehala zabaltzen da kolonia batean zehar. (azpiko Irudia).

Imitazioaz haratago: Ulermena

Beste esperimentu batean, ikertzaileek saiatu ziren bereizten erleek ikasitakoa, imitazio huts ote zen, ala ikasten ari zirenaren zentzua ere barneratzen zuten. Azpi-eskuineko bideo zatian, erlastar trebatu batek, sari baten truke bola bat eremu borobil baten erdira mugitzeko ariketa erakusten dio ikasle bati. Kasu honetan, erditik urrunen dagoen bola aukeratzen du. Erlastar ikastunak ez daki erditik hurbilen dauden beste bi bolak kolaz itsatsita daudela, eta urrutien dagoen bola dela bere irakasleak mugitu dezakeen bakarra.

Bideoa ikusteko egin klik irudian

Ikasleak proba berak bakarrik egiterakoan, erditik gertuen zegoen bola aukeratu zuen (azpi-ezkerreko Irudia). Beraz, ez zuen bere irakaslearen mugimendua errepikatu; aitzitik, ariketaren helburua ulertu zuen, eta hurbilen zegoen bola mugitzea erabaki zuen.

Bideoa ikusteko egin klik irudian

Buruz Ikasitako Mugimenduak

Erleek nektar-iturri garrantzitsuekin lotzen dieten ibilbideak behin eta berriro errepikatzen dituzte. Ibilbide bat azkarrago betetzeko modu bat dagozkien mugimenduak buruz ikastea da. Horri esker, ez dute jada ezagutzen duten ibilbide haietan arreta berezia jartzeko beharrik. Horixe da gu geuk egiten duguna errutinazko zereginetan, hala nola etxea eta lanaren arteko ibilbidean, edo erosketa azkar bat egitean. Jarduera zorrotzagoetan, hala nola autoen eta motorren lehiaketetan, pilotuak aldez aurretik trebatu behar dira zirkuitu bakoitzean, beraien maniobrak behar bezala barneratzeko.

Haize-tuneletan oztopo ikusgaiekin eta ikusezinekin egindako esperimentuek erakutsi dute erlastarrek buruz ikasten zituztela ibilbideko mugimenduak, bisitak azkartzeko. Portaera hori zuzenketa bisualekin konbinatzen duten, bat-bateko aldaketak identifikatzeko eta zuzenketak egiteko (ikus 4. erreferentzia).

Ondorioa

Artikulu honetan azaldutako aurkikuntzek baieztatu dute erleak eta erlastarrak gai direla zeregin berriak beren kabuz ikasteko, eta erlauntzako beste kide batzuei begiratuz ikasteko ere bai. Ikaskuntza hori ez da mimesi hutsa, ordea. Azpian dagoen helburua barneratu ere egiten da.

Ohiko ekintzei dagokienez, ibilbidea ikasteak neurri batean mugimenduak buruz ikastea dakar, eta horrek, seguruenik, modu erdiautomatikoan gauzatzeko aukera ematen die, beren buruak beste prozesu batzuei arreta jartzen dien bitartean.

Erreferentziak

Anterior
Anterior

Taldeko Adimena

Siguiente
Siguiente

Bilketaren Artea