Intsektu baten Gogoa serieko laugarren artikulua da hau. Erleen banako gaitasun kognitiboak aztertu ondoren, taldearen adimenaren arloan murgilduko gara orain. Gaitasun horri esker, intsektu sozialek organismo bakar gisa ekin dezakete, bakarkakoak baino maila handiagoko gaitasunak erakusten baitituzte.

Erlekumardiaren sorrera

Erlauntza bat bere edukieraren mugara iristen denean, zatitze-prozesu antolatu bat abiatzen da, eta ondoren, bereizitako zatiak, erlekumeak, beste kokaleku batera migratzen du.

Indarrean dagoen erreginak langileen erdiarekin batera erlauntza uzten du. Talde bereiziak hurbileko adar edo enbor batean ezartzen da behin behineko erlekumaldi bat osatuz (eskuinean). Bertan, langile gehienek batak besteari heltzen diote, erlauntza berriaren egoitza aurkitzen duten arte, zain. Beraien arteko taldetxo batek beren burua boluntario aurkezten du ingurua miatzeko.

Erle esploratzaile berriak norabide guztietatik sakabanatzen dira erlauntza berrirako leku egokienaren bila. Aukerarik gogokoena zoruaren gainetik metro batzuetara altxatu beharko litzateke, eta gutxienez, 20 litroko barrunbea izan. Sarrerak 30 zentimetro karratu baino txikiagoa izan behar luke eta barrunbearen solairu-mailan kokatua egon. Azkenik, hegoaldera begira dena zaie gogokoena. Esploratzaile batek leku egoki bat aurkitzen duenean arretaz goitik behera miatuko du, barrualdearen bolumena kalkulatzeko. Lurreratzeko eta aireratzeko proba batzuk egingo ditu era berean sarreraren ezaugarriak aztertzeko, eta inguruari ere azterketa sakon bat egingo dio.

Erlauntza Berrirako Kokalekuaren Hautaketa

Erleen dantza erlekumaldian. Zatia ikusteko egin klik irudian

Ikuskapena amaituta, esploratzailea erlekumaldira itzuliko da bere aurkikuntzaren berri emateko. Iritsi bezain laster, “erleen dantza” egingo du, loreen kokapena adierazteko egiten den bezalakoa (lehenengo artikuluan deskribatzen dena, eskerreko irudian). Egoera berri honetan, ordea, dantzaren intentsitateak eta iraupenak lekuari buruz egindako balioztapena islatzen du: ondoen balioztatutako tokia dantza kementsuagoaren eta errepikatuagoaren bidez iragartzen baita.

Erlauntza berrirako egoitzaren hautaketa. Egin klik irudian bideo zatia ikusteko.

Erle esploratzaileek, batzuek besteen dantzei erreparatzen diete, eta gogo handienez iragarritako beste kokapenak bisitatzea erabaki dezakete. Hara iritsita, lehen ikuskapena izan balitz adinako zorroztasunez miatuko dute, ordea, beraien iritzi burujabea osatzeko. Itzultzean, ikusitako dantza bermatu ala, aitzitik, mailaz jaitsi dezakete, batez ere beraiek aurrez ikusitako beste lekuak hobeak direlako iritzia badute. Prozesu horren arabera, pixkanaka-pixkanaka, gero eta kalitate baxuagoko kokalekuetarako babesa agortzen joango da, onenen mesederako (eskuineko irudien zati batek erakusten du hautaketaren dinamika).

Esploratzaile-kopuru jakin batek (15 inguru) kokaleku berean topo egiten dutenean, quorum izeneko atalasera iritsi delako seinale da. Zenbaki horrek esan nahi du erle-multzoan dantzan, erlauntzerantz eta erlauntzetik hegaz, eta jada kokapenean daudenen artean, gutxi gorabehera esploratzaile multzoaren erdia direla. Quorumera iritsitakoan, esploratzaileak erle-multzora itzuli eta piping-a deritzon dardara- eta soinu-seinale bereizgarri bat igortzen hasten dira. Seinale horrek kokapen berri baten aldeko quorum bat lortu dela iragartzen du eta, aldi berean, gainerako erle-multzoa suspertzen du, partida prestatzeko hegaldiko giharrak berotu ditzaten. Behin erle guztiak abiatzeko prest daudenean, erlekumaldi guztia aireratu eta aukeratutako tokirantz abiatzen da. Hasieran erlekumaldia eratu zenetik kokaleku berrira lekualdatzen den arte, erabakia hartzeko epeak bi eta hiru egun artean iraun dezake. Hainbat erlezainek esan didate, ordea, erlekumaldiak askoz denbora luzeagoan iraun dezakeela erabakiaren zain.

Eztabaida-prozesuaren Ezaugarriak

Azaldu berri dugun prozesuak argi erakusten du nola izaki multzo bat elkarlanaren bidez bere kideen gaitasun kognitibo indibidualak gainditzeko gai den.

Prozesu horretan, funtzioen eta ezagutzaren banaketa edo dibertsifikazioa deigarria da. Erle-multzoaren ale gehienek beren energiak mantentzen dituzte, eta taldeko %5etik beherako multzo batek bere burua esploratzeko eskaintzen du. Informazioa bananduta dago.

·      Esploratzaileek jasotzen duten informazioaren kanpo-egiaztapena parekoek egiten dute; beraz, haien eragina mantendu edo iraungi egiten da bere egiaztagarritasunaren arabera. Informazioak zenbat eta eragin handiagoa izan, orduan eta gehiagotan egiaztatzen da.

·       Leku baten alde egiten duen proposamen batek quoruma lortzen duenean hartzen dira erabakiak. Quoruma lortzeko, gainerako aukerak baztertzen joan behar dira.

·       Taldearen interesak hain daude irmoki lerrokatuta, ezen koloniak batasun bakar gisa jokatzen baitu. Testuinguru horretan, ez dago azpitaldeen arteko interes-gatazkarik.

Ondorioa

Artikulu honek azaltzen du arlo sozialak nolako ahalmen jausia ekartzen dien intsektuei. Edward O. Wilson, ekologo ospetsuak “Super-organismo” izendatu zuen izaki berri mota horri.

Aditu batzuek adierazi dute antzekotasun formala dagoela intsektu sozialen erabakien eta burmuinean erabakiak hartzeko ereduen artean. Kasu batean zein bestean, hainbat aukera lehian ari dira elkar indartzen eta oztopatzen duten intsektu-ale edo neuronen taldeen artean, harik eta horietako aukera bat atalase batera iritsi eta multzoa ekintza komun batera eramaten duen arte. Erle-multzoan gertatzen den bezala, koherentzia ez da zentro gidari baten eskutik sortzen, baizik eta elementu sinple askoren tokiko interakzioetatik, zeinek, azkenean, funtzionamendu bateratua hartzen baitute.

Maila praktikoan, portaera horrek gizakien arteko erabaki-prozesuekin (politikarekin) dituen aldeak kontuan hartuta, ez du zentzurik bien arteko konparaketa egiteak. Hala ere, horrek ez du esan nahi guk geurea ez bezalako adimen-erak estimatu behar ez ditugunik. Emaitza ona ematen dutela ez baitago zalantzarik.

Erreferentziak

·      La Vida de Una Colmena Parte1, Parte 2 y Parte 3. Erlauntza batean gertatzen diren prozesuak laburbiltzen dituzten 1989ko hiru bideo (gaztelaniaz). Bigarren bideoak artikulu honetan jorratu dugun prozesua deskribatzen du.

·      La expresión de los genes de las abejas marca su carácter aventurero. Nola erle langileak  esploratzaile bihurtzen diren azaltzen duen dibulgazio-artikulu bat (gaztelaniaz).

·      Group Decision Making in Honey Bee Swarms American Scientist. May-June 2006. Erlauntzen migrazio mekanismoen prozesuak nola ikertu ziren azaltzen duen artikulu bikaina (ingelesez).

·       Honeybee Democracy. Thomas D. Seeley. (2010). Liburu hau ingelesez aurkitu daiteke, baina bideo honek gaztelaniazko laburpena eskaintzen du.

·  El Superorganismo: Belleza y elegancia de las asombrosas sociedades de insectos. Autor: Edward O. Wilson (2014). Intsektu sozialen biologiari buruzko funtsezko erreferentzia, aditu handienetako batek idatzia.

Erreferentzia Teknikoak  

·       Measurement of nest cavity volume by the honey bee (Apis mellifera). 1977ko artikulu honek erleek erlauntza berri baterako neurriak eta beste ezaugarri batzuk aztertzeko erabiltzen duten metodologia deskribatzen du.

·       Nest-Site Selection in Honey Bees: How Well Do Swarms Implement the "Best-of-N" Decision Rule? 2001eko artikulu honek erleek kokapenei buruzko balioa nola ezartzen duten eta erabakietan nola bihurtzen diren deskribatzen du.

·       Group decision making in nest-site selection by honey bees. 2004ko berrikuspen honek lokalizazioen azterketa eta sailkapena jorratzen du, bai eta horien balioa komunikatzean gai bakoitzari ematen zaion pisua ere, egokiena hautatzeko.

·       Molecular determinants of scouting behavior in honey bees. 2012ko artikulu honek azaltzen du erle esploratzaileen garuneko neuronen adierazpen genetikoaren desberdintasunek beraien jokabide ausartarekin zerikusia dutela. Erle multzo baten barruan hautematen den berezko aniztasun genetikoaren barruan kokatzen du portaera berezi honen agerpena. Laburbilduz, pertsonen artean bezala, erle batzuk ausartagoak dira beste batzuk baino.

·       An oligarchy of nest-site scouts triggers a honeybee swarm’s departure from the hive. 2010eko artikulu aitzindari honek erle esploratzaileen portaera eta garrantzia deskribatzen ditu.

·       From dyads to collectives: a review of honeybee signalling. Erlekumaldiarekin lotutako erabaki sistemari buruzko ezagutzak biltzen dituen 2022ko berrikuspena.

Anterior
Anterior

Txoriburu

Siguiente
Siguiente

Intsektuak Laborategian