Apirilaren hasierako arratsalde hartan autoan nengoen semea lanetik jasotzeko zain. Aurrean, sastrakez eta zuhaixkez zipriztindutako lursail bat zegoen. Begiak zabalik banituen, gogoa barruko nonbaiten zebilen. Bat-batean, zerbaitek asmoen haria eten eta arreta kanpoko ikuseremura aterarazi zidan.

Txoritxo bat zuhaixka baten adaxkatik adaxkara zebilen, ero-ero. Kimuak fite miatuz, batzuetan mokokada baten keinua egiten zuen. Haren mugimenduei erreparatuz, ikasiak ziruditen. Ez zebilen ingurua begiztatzen, berrikusten baizik.

Banekien berak ez ninduela ikusten, autoko kristalaren islak ikusezin bihurtzen baininduen. Hurbiltzea beharrezkoa nuen haren espezieari buruzko zantzuren bat izateko, nahiz eta jakin edozein keinuk uxatuko zuela. Aurreikusi bezala, atea irekitzeko lehen keinua egiterakoan, desagertua zen.

Zuhaixkaren aurrean kieto geratzen banintzen bueltatuko zelako itxaropena nuen. Minutu pare bat pasata, lehen utzitako adaxka berean zebilen, eta ni begiak haren gainean kliskatu gabe jarrita. Noizbehinka, burua altxatu eta ingurua begiztatzen zuen. Baina berehala berera itzultzen zen, nire pozgarri. Epe labur bat pasata, nire nahigabeko keinutxo bat sumatu eta alde egin zuen berriro.

Sasitxori arruntaren neguko (urdinez) eta udaberri-udarako (horiz) banaketaren mapa geografikoa.

Ikuskizuna bukatuta, zuhaixkara hurbildu nintzen gertutik aztertzeko: Sahats hauskara bat zen (goiko irudia). Lorez jantzia eta kimu batzuek esnatzen hasiak zituen. Gertutik miatuz, landare-zorri bat edo beste jada kimuetan ezarriak ziren.

Sahats hiledunaren azaleko landare-zorria bere kumeekin. Ikus 4. erreferentzia

Etxera itzulita, eta liburuen artean arakatuz, txoria gurean ohiko bisitaria zela baieztatu nuen: Sasi-txori arrunta (lehenengo irudia). Intsektu jale hutsa eta iaioa, ikusitako alea Afrikako hego-mendebaldetik iritsi berria behar zuen izan (ezkerreko irudia). Gurean geratzeko edo iparraldeko bidean jarraitzeko asmorik ote zuen ezin nuen asmatu. Edozein kasutan, sahatsetan zertan zebilen argi zegoen.

Landare-zorri espezie espezializatu batzuek (azpi-eskuineko irudia) sahatsaren kimuen inguruan arrautzak kokatzen dituzte udazkenean, neguan bertan iraun dezaten. Haietatik landare-zorriaren ninfak dagoeneko jaio eta kimuetan egokitzen ari ziren. Sasi-txoria zorri-kume uxter horiek biziki ehiztatzen ari zen.

Sahatz hauskararen banaketa geografikoa. Zehaztasunak 3. erreferentzietan.

Hainbeste joan-etorri halako mokadu txiki-txikiez elikatzeko merezi al zion sasi-txoriari, galdetu nion nire buruari. Orduan kontutxo batzuk egin nituen (beheko 5. erreferentzian zehazten ditudanak). Sasi-txori baten pisua eta landare-zorriaren pisuaren arteko erlazioa, nire pisua eta tamaina ertaineko muskuilu batenaren parekoa da. Beraz, handik honako lanetan, sasi-txoriak nahiko elikagai eta kaloriak lortzeko aukerak ditu bere eguneroko beharrak asetzeko, baita bere migrazioan hurrengo urratsa hegaz betetzeko ere. Bere ibilbidean, ez zaio zorriak dituen xuhaxkarik faltako ere, ezkerreko irudiak nahiko ugariak direla azaltzen baitu.

Hau guztia ikusi eta ikasi ondoren, agian, txoriburu hitzaren esanahiari buelta bat eman beharko genioke!

Hitz Bereziak

Fite: Azkar, presaka

Sastraka: sasiez osatutako landare masa

Zuhaixka: zuhaitza baino txikiagoa den landarea

Zipriztindu: likido bat tantaz-tanta zabaldu

Landare-zorri: landareei ezartzen zaien intsektu mota bat da. Laugarren irudian erakusten dena.

Uxter: samur, jateko erraza

Erreferentziak

1. Sasi-txoriaren kanta esteka honetan entzun dezakezu.

2. Sasi-txoriaren bideo bat

3. Sahats hauskarak bi subespezie ditu: S. cinerea subsp. oleifolia (mapan, laranja), gurean ugariarena, eta S. cinerea subsp cinerea (berdea).

4. Zorrien arloan, badaude espezie batzuk sahatsetan espezialduak direnak. Haien artean, Pterocomma pilosum (irudian agertzen dena) eta Tuberolachnus salignus (zorri erraldoia). Bi zorri espezie hauek sahatsen azalean arrautzak jartzen dituzte, hurrrengo udaberrian zuhaxka berriro infektatu ahal izateko. Collins, C.M., Rosado, R.G. & Leather, S.R. (2001) – Annals of Applied Biology. The impact of the aphids Tuberolachnus salignus and Pterocomma salicis on willow trees..

5.Sasi-txori batek (13 g) kontsumitutako zorri baten (1.5 mg) harrapakin-masa erlazioa 8.700:1 ingurukoa da. Beraz, 70 kg-ko gizaki baten eskalan, 8 g inguruko pisua duen elikagai-ale baten baliokidea da. Gizakiari dagokionez, ostra edo muskuilu txiki baten masa hezeari estuki dagokio, eta haren konposizioak zorriaren analogo biologiko egokia bihurtzen du.

Oharra: Lan hau Hondarribiko Udaleko Euskara zerbitzuaren laguntzaz zuzendu da.

Siguiente
Siguiente

Taldeko Adimena