Intsektuak eta bizitza gure irismenaren beherako eskalan. Intsektuak nola hautematen ditugun eta haien gainbeherak zer ondorio ekar ditzakeen bi artikuluetako lehena da hau.

Gure eguneroko bizitzan, etxea maskotekin partekatzen dugu, hegaztien kantua entzun, zuhaitz artean paseatu eta loreez gozatzen dugu. Baina igartzen dugun inguru hori bizitzaren geruza ugarietako bat besterik ez da. Badira beste asko gure arretatik kanpo dauden eskaletan. Belarretan, zuhaitzen azalaren azpian, fruituen barruan, edo hormen azal gainean iluntzean mugitzen diren izakiak. Loreen gainean pausatzen dira, urmaeletatik ateratzen dira eta udako gauetan argia igortzen dute. Antzematen ez ditugun bizilagunez inguratuta bizi gara, eta batzuek gure aldean hain desberdinak direnez, beste planeta batetik etorri izanaren itxura dute: intsektuak. Eta, hala ere, hemen sortu eta gu baino askoz denbora gehiago daramate.

Intsektuak hanka artikulatuko animalia-talde handi batekoak dira, armiarmak, krustazeoak eta mila oinekoak barne: artropodoen taldekoak. Euren arbasoak lehorreko bizimodura egokitu ziren lehenetarikoen artean izan ziren. Landareek lurra kolonizatu ahala, duela ehunka milioi urte, lehenengo artropodoak agertu ziren beraien atzetik, eta intsektuen ezaugarriek aukera eman zieten nitxorik txikienak okupatzeko. Beraientzat, zuhaitz baten azalean arrakala bat haran bat da, hosto bat landa bat, eroritako fruitu bat muino bat.

Txitxartxo bat hosto baten gainean

Inguru txiki horiek intsektuak finkatu eta aniztu diren nitxo biologikoen neurria ematen dute. Eta asko dira, irudikatu ditzakegunak baino gehiago. Guretzat hutsa dirudien belardi batek txitxartxoak, kakalardo larba, erle bakarti, landare-zorri, euli, liztor parasito eta beldarren mundua izan daiteke... Adar hil bat tunelez zeharkatutako hiri bihur daiteke.

Milioi bat intsektu espezie baino gehiago deskribatu dira, eta oraindik beste milioi batzuk identifikatu gabe daudela uste da. Beren aparteko dibertsifikazioa hainbat ezaugarrien baturaren ondorio da, horietako asko bere tamainari lotuak.

Kakalardo baten exoeskeleto irisatua

Horietako bat bere gorputza kanpo-eskeleto batez estalita izatea da, era berean oskola gisa jokatzen duela.

Bizi-ziklo laburrak eta ugalketa-tasa handiak dituzte. Horrek hedapena erraztu egiten du baldintzak aldekoak direnean, eta baldintzak aldatzen direnean, ingurunera hobeto egokitzen diren banakoen hautespena bizkortu egiten du.

Burruntzi baten larba urtarra

Intsektuek hainbat nitxotara egokitzeko gaitasuna garatu dute hainbat forma hartuz—larbak, ninfak, lurreko helduak eta hegalari formak— . Forma batetik bestera eraldatzeko aparteko gaitasuna dute: metamorfosia. Beldar bat tximeleta bihurtzen da; larba bat, kakalardo; uretako ninfa bat, ura utzi eta airera igotzen den burruntzi bat.

Okupatzen dituzten inguruneen aniztasuna ia barneraezina da. Bizitza hain forma desberdinetan banatze hori intsektuen arrakastaren arrazoi handienetako bat da. Guri, ordea, arrotza eta txundigarria egiten zaigu transmutazio moduko hori.

Starship Troopers (1998) filmaren argazki bat

Ezaugarri horrek eta beste batzuek —oskola, masailezurrak, hanka artikulatuak edo koloniak osatzeko gaitasuna— munstroen eta izaki estralurtarren inspirazio-iturri bihurtu dituzte intsektuak fikziozko lan askotan.

Baina ez gara inpresio horietan geratu behar. Beraien ezaugarriek erakusten dute gure planetako inguruneen aniztasunera egokitzen direla: lurrera, zuhaitz edo hosto batzuen azalera, urmael baten ertzean dauden loreetara, gorpu edo landare mota desberdinetara.

Azken finean, badira gure planetako bizian zenbait nitxo guretzat ezkutuan geratzen direnak.

Izaki horiekiko arreta pixka bat gehiago jarriz gero, mirari handiak ikusiko ditugu. Azter dezagun kakalardoen adibidea. Beraien aurreko hegal parea kanpoko oskolaren zati bihurtu da, bi estalki babesle eraisgarri gisa. Haien azpian, modu burutsuan tolestuta daude kakalardoa hegan hasten denean zabaltzen diren bigarren hegal pare finak. Antolamendu horrek laguntzen du azaltzen zergatik bizi daitezkeen kakalardoak egurrean, simaurrean, loreetan edo hazietan, beren hegalak hondatu gabe. Oskolez blindatutako gorputzak lauak, biribilduak, luzangak edo kolore distiratsukoak izan daitezke, beraien bizimoduaren arabera. Kakalardoak harrapari izan daitezke, sarraskijaleak, polinizatzaileak, hazijaleak, baita deskonposatzaileak ere. ‘Kakalardo’ hitzak ez du bizimodu bat izendatzen, milaka baizik. !Deskribatutako bost animalia-espezietatik bat kakalardoena da, gutxi gorabehera!

Inurriek beste adibide harrigarri bat eskaintzen dute, kasu honetan talde lanaren arloan. Inurri bat txikia eta zaurgarria da, baina kolonia batek izaki kolektibo gisa jokatzen du: superorganismo bat da. Taldeko inurri batzuk elikagai bila dabiltza, beste batzuek larbak elikatu eta zaintzen dituzte, besteek onddoak hazten dituzte, eta badira beste landareen izerdiaz elikatzen eta likido azukretsuak iraizten dituzten intsektuak jezten dituztenak ere. Inurriek, urrutira eramaten dituzte beraientzat oso handiak diren materialak, gainera.. Koordinazio isil hori arrotza egiten zaigu, intsektuen banakotasuna non kokatu ondo ez dakigulako.

Intsektuak hurbiletik behatzeak aurkikuntza batera garamatza: inguratzen gaituen mundua ustekabe zoragarriz beteta dago. Izaki txiki horiek, gehienak guretzat ikusezinak eta sarritan higuingarri, izurrite edo arrotz gisa mespretxatuak, benetan planetako biztanle nagusietako batzuk dira.

Polinizatu, birziklatu, ehizatu, beste izaki batzuk elikatu, lurra aireztatu, landareak inausi eta materia hilak bizitza berria sortzeko eragiten dute. Horiek galtzeak zer esan nahi duen galdetu aurretik, lehenik eta behin zer diren ulertu behar dugu: ez munstroak, ez miniaturazko makinak, baizik eta gurekin uztartuta dauden antzinako espezialistak. Hurrengo galdera saihestezina da: izaki horiek orain gainbeheran daudela eta, zer da zehazki beraiekin batera desagertzen ari dena?

Oharra: Lan hau Hondarribiko Udaleko Euskara zerbitzuaren laguntzaz zuzendu da.

Anterior
Anterior

Iraungipen Ikusezina

Siguiente
Siguiente

Txoriburu