Nola osatzen diren landareak beldarren erasoen ondoren

Duela pare bat aste, balkoiko bitxiloreen artean hosto zulodunak topatu nituen, beldarren erasoaren seinale. Sakonki miatuz, azako beldarrak aurkitu nituen. Landaretik kendu eta egun batzuetara, harriduraz ohartu nintzen kutsatu gabeko landareen aldean, beldarrak kaltetutako landareak bizitasun handiagoz jalgitzen zirela. Hauxe da gertatu zenaren azalpena.

Landareek beldarren erasoei sarritan aurre egin behar diete. Ohiko errudunetako bat azaren beldarra da. Kontua hasten da ama sitsak gauez landareak bisitatzen dituenean. Beraien usaimen-profilaren arabera aukeratu, eta arrautzak banan-banan jartzen ditu bertan, elikagai kopurua kume bakoitzaren garapena burutzeko nahikoa dela ziurtatuz. Beldarrak sortzen direnean, hostoak bazkatzen hasten dira gauez, eta egunean zehar geldi-geldirik diraute. Kalteak ikus baditzakegu ere,  beldarrak sarritan landarearen zatiekin nahasten ditugu. Landareak ez dira hain erraz nahasten ordea, eta berehala jarduten dute beren burua defendatzen.

Azaren Beldarra eta bere ama sitsak

Lehenik eta behin, beldarren hozkadak eta listua hautematen dituzte, eta azido jasmonikoa izeneko hormona askatuz erantzuten dute. Alarma kimiko hots honek beste eragile batzuk sortzera eramaten ditu, hostoak zapore txarreko eta digestio zailezko bihurtuz. Eraginkorrak izan arren, neurri hauek ez dute beldarren erasoa erabat eragozten. Espezialista hauek egokitzen dira pixkanaka-pixkanaka elikatuz, hosto batetik beste berri batera pasatuz, landarearen erantzunak eskaintzen dion minututxo preziatu horiez aprobetxatuz. Hori da hostoetan hainbeste zulo txiki ikusten ditugun arrazoia! Egoera horri esker, landareek bere hosto-azaleraren zati bat salbatu dezakete erasoak jarraitzen duen bitartean bizirauteko. Azkenik, beldarrak, haien garapenean kale ala bale eginda,  desagertzen dira.

Landareei, beldarren erasoaldia indarrean zegoen bitartean burututako defentsa-neurriek energi ordaina ekarri zieten, hazkundearen kalterako (Howe eta Jander, 2008). Erasoa pasata, ordea, landareek bat-bateko susperraldia erakusten dute. Defendatzeko beharren ezean, azido jasmonikoaren sortzeari utzi eta aldiz hazkuntza sustatzen duten hormonak sortzen dituzte, hala nola, auxinak eta zitokininak. Ondorioz, landareak berehala hosto eta kimu berriak garatzen dituzte, eta hala beldarrek eragindako kalteak gainditzen dituzte (Agrawal, 2000; Schwachtje eta Baldwin, 2008).

Erreferentziak

·      Howe, G.A. & Jander, G. (2008). Plant Immunity to Insect Herbivores. Annual Review of Plant Biology, 59: 41-66.

·      Agrawal, A.A. (2000). Overcompensation of plants in response to herbivory and the by-product benefits of mutualism. Trends in Plant Science, 5(7): 309-313.

·      Schwachtje, J., & Baldwin, I.T. (2008). Why does herbivore attack reconfigure primary metabolism? Plant Physiology, 146(3):845-851.

Siguiente
Siguiente

Eukariotoak