Ziurrenik gure herri eta hirietara ondoen egokitu den hegaztia etxe-txolarrea da. Artikulu hau bere jatorriari, hedapenari eta gure artean bizitzeko garatu dituen egokitzapenei buruz doa.
Hondarribian zehar egin ditudan ibilaldietan, topatu ditudan hainbat pertsonaren artean adineko gizon bat dut gogoan. Batzuetan urbazterrean oinez, edo edozein bankutan eserita aurkitzen nuen. Behin edo behin sumatu nuen eskuan ogi-zati bat zeramala, pixkanaka desegiten zuena, urrutira begiratzen zuen bitartean. Beregandik gertu, txolarre taldetxo batek laguntzen zion, eta erortzen zitzaizkion papurrak jan. Noizbehinkako gertaera horrek galdera bat sortarazi zidan: nola ezagutu zezaketen txolarreek bere ongilea, eta areago, asmatu ogia eskuan zeramala? Erantzunik zuzenena, gizona ezagutzen zutela eta haren mugimenduen jarraipen zehatza egiten zutela zen. Artikulu hau etxe-txolarrearen bizitza eta ohiturak hobeto ulertzeko egin ditudan behaketen ondorioa da.
Nondik datoz etxe-txolarreak
Etxe-txolarrearen historia duela 11.000 urte inguru hasi zen, Iraultza Neolitikoan, Ilgora Emankorrean (eskuineko irudia). Nekazaritzaren ezarpenak lehenengo bizileku egonkorrak ekarri zituen. Inguru haietan bizi ziren hegaztien artean hegaldi arineko basa-espezie bat zegoen, gaur egun etxe-txolarre baktriano izenez ezagutzen duguna (Passer domesticus bactrianus, beheko irudia).
Espezie honek, lehen soroetan, sakabanatutako haziez eta abereek erakarritako intsektuez elikatzeko aukera aurkitu zuen. Segur aski, batzuk etxebizitzetako txokoez ere baliatu ziren babesleku eta habiak egiteko. Gizakiekin hasitako elkarbizitzeak erronka berriak zekarren, baina abantaila garrantzitsuak ere bai: elikagaiak eskura izatea eta lehiakide eta harraparirik gabeko ingurune babestua.
Etxe-txolarrea, ar eta eme.
Belaunaldiz belaunaldi, herrixketan jarritako talde horiek ingurune berrira egokitzen joan ziren. Gizakien gertutasunera hobekien ohitzen zirenek kume gehiago ateratzen zituzten aurrera. Elkarren artean ugalduz, talde hauek genetikoki bereizten joan ziren jatorrizko leinutik, berri bat osatuz: orain etxe-txolarrea bezala ezagutzen duguna (Passer domesticus ; eskuineko irudia). 2018an argitaratutako ikerketa genomiko batek berretsi zuen bi leinuen arteko bereizketa denboran bat zetorrela nekazaritzaren hasierarekin. Ikertzaileek bi leinuen arteko DNA sekuentzietan alde nabarmenak aurkitu zituzten, batez ere almidoiaren digestioarekin zerikusia duten geneetan (hori bat dator dietan ale kopuru handiagoa izatearekin) eta garezurraren forman (horrek garrantzia hartuko du aurrerago: 1. erreferentzia).
Gizakiekin batera, etxe-txolarrearen hedapena 1800 arte (berdez), eta ondoren, gizakiek ezarritakoa (horiz).
Etxe-txolarrearen hedapena
Nekazaritzako praktika Eurasian zehar hedatzen joan zen heinean, etxe-txolarreek gizakiei jarraitu zieten. Azterketa genetikoetan oinarritutako demografia-ereduek (2. erreferentzia) iradokitzen dute K.a. 4000. urtetik aurrera etxe-txolarrearen populazioak gorakada handia izan zuela, giza asentamendu iraunkorren mendebalderanzko hedapenarekin batera (eskuineko irudia).
Iberiar Penintsulara iristeko garaian, nekazaritzaren hedapenak bi bide jarraitu zituen. Zerealen laborantza azkar hedatu zen Mediterraneoko kostaldean K.a. 7000 eta 4500 urteen artean; Kantauri isurialdean, berriz, mantsoago ezarrri zen. Inguru horretan, nekazaritza leku sakabanatu eta txikietara mugatu zen, oihan epel trinkoak eta lurraren orografia nabarmena menderatzeko askoz zailagoak baitziren. Eremu horietako biztanleak ehizara eta artzaintzara mugatu ziren.
Erromatarrak K.a. I. eta II. mendeen artean Kantauri itsasertzera iritsi zirenean, nekazaritzako praktika berriak ekarri zituzten: zerealak, mahatsondoa eta olibondoa. Teilaz estalitako harri landuzko eraikinak, galtzadak, biltegiak, azokak eta plazak eraiki zituzten. Etxekotutako animalia exotikoak ere ezarri zituzten, hala nola zaldia, astoa, behia eta idia, baita artilezko ehunak ekoizteko egokiagoak ziren ardi barietateak ere. Kantabriar Mendikateko hesi guztiak gainditu zituen Erromako mugimendu zibilizatzaile handi horri, etxe-txolarrea ere gehitu zitzaion (3. erreferentzia).
Gizakiekiko bizikidetzarako egokitzapenak
Buztangorri arrunta (ar)
Bere fisonomia gizakien artean bizitzeko egokituta dago: bere lumajea ez da oso deigarria, hiri-inguruko beste hegazti batzuekin alderatuz, hala nola, Txantxangorriarekin, Buztangorriarekin (Eskuineko irudia), Kardantxiloarekin edo Erregetxoarekin. Bere kantuak ez du elementu melodikorik. Beste basaespezie batzuek baino astiroago eta traketsago egiten du hegan, eta minutu pare batez ere ezin izaten du airean iraun. Ondorioz, denbora gehiena adarretan edo lurrean pausatuta ematen du. Hori giza ingurunera egokitzearen ondorioa da, baso itxia baino soilagoa eta sinpleagoa baita. Gogoan hartu behar da, ordea, itxuraz aspergarriagoa den inguru hau harrapari eta lehiakiderik gabekoa dela.
Bere fisonomia gizakien artean bizitzeko egokituta dago: bere lumajea ez da oso deigarria, hiri-inguruko beste hegazti batzuekin alderatuz, hala nola, Txantxangorria, Buztangorria (Eskuineko irudia), Kardantxiloa edo Erregetxoa. Bere kantuak ez du elementu melodikorik. Beste basaespezie batzuek baino astiroago eta traketsago egiten du hegan, eta minutu pare batez ere ezin izaten du airean iraun. Ondorioz, denbora gehiena adarretan edo lurrean pausatuta ematen du. Hori giza ingurunera egokitzearen ondorio da, baso itxia baino soilagoa eta sinpleagoa baita. Gogoan hartu behar da, ordea, itxuraz azpergarriagoa den inguru hau harrapari eta lehiakiderik gabekoa dela.
Etxe-txolarreak moko sendoa du, eta horrek haziak txikitzeko ahalmena ematen dio, baina intsektuez ere elikatzen da umatze-garaian, nahiz eta bere abileziak aipatutako espezialista basatiengandik oso urrun egon. Gizakiez duen ezagutza sofistikatuan datza etxe-txolarrearen benetako abantaila.
IHD neurketen balioak begiradaren arabera : A) Begirada etxe-txolarreari zuzentzean, eta B) Begirada etxe-txolarretik urrutira zuzentzean.
Kalean etxe-txolarreak ikusten ditugunean nabaritzen dugun lehenengo gauza da beste hegaztiak baino erosoago debiltzala gure inguruan. “Ihesaren hasiera distantzia”k (hegazti batek hegaldia hasten duen gunearekiko distantziak), edo IHDk, hegaztiek gizakien gertutasuna zein neurritan toleratzen duten adierazten digu. Nik neuk espazio irekietan egindako behaketek etxe-txolarreari 3-4 metro inguruko IHD balioa ematen diote; txantxangorriak, normalean parke eta lorategietan bizi baita, berriz 8-10 metrokoa izaten du. Buztangorriei, erregetxoei eta beste batzuei, 10 metro baino gehiagokoa ematendiote; Txantxangorria, normalean parke eta lorategietan bizi dena, berriz 8-10 metrokoa. Buztangorriak, Erregetxoak eta beste batzuei, 10 metro baino gehiagokoa emanten diete.
Etxe-txolarreengana hurbilduz, baina telefono mugikorraren kameraren bidez behatuz (beraz, zuzenean haiei begiratu gabe), IDHa 1-2 metrora jaitsi zen. Beste hegaztien kasuan ez nuen aldaketa nabarmenik aurkitu, ordea. Orduan ulertu nuen gertutasunarekiko erantzuna haienganako arretaren arabera moldatzen zutela. Ondorengo probetan, espaloi batean etxe-txolarre batekin gurutzatzea lortu nuen, metro bat baino gutxiagoko distantzian, hegaldia altxatuarazi gabe. Hori lortzeko trikimailua begirada hegaztiarengandik zeharo kontrako norantzan zuzentzea izan zen.
Proba horiek erakusten dutenez, etxe-txolarreek beraien gaineko arreta monitorizatzen dute, elkareragin-arriskua zehazteko, eta arrisku horren arabera segurtasun-distantzia egokitzeko. Eserita ikusten gaituztenean, mahaipean gertatzen dena ikusi ezinean, gure mugitzeko zein ikusteko eragozpenez ohartzen dira. Kasu horretan, toki seguruenera hurbiltzen dira: mahaiaren azpira. Elikagairen bat eskaintzeko keinurik ikusiz gero, badaezpadako behaketa-aldi baten ondoren, emailetzat hartzen gaituzte, eta gure parean jartzen dira aulki hurbil baten bizkarraldetik gure keinuak behatzeko. Trebeenek gure mahaian jartzeko urratsa ere man dezakete, beste taldekideen begirada arretatsuaren pean.
Txolarreak taldean aritzen dira. Estrategia horrek funtzioen banaketa errazten du: batzuek miatu edo jaten duten bitartean, beste batzuek zaindu egiten dute. Gainera, taldeak eskola garrantzitsuak dira gazteenentzat. Edozein keinu azkarrek edo susmagarrik, nahiz eta txikia edo nahi gabekoa izan, alarma-dei bat eragiten du, eta taldeak aurrez ezarritako irteera-bide batetik ospa egiten du. Etxe-txolarreek zuhurtziaz jokatzen dute gure artean leku itxietan ibiltzeko aukeren aurrean. Arriskurik ez dagoela baieztatzen den kasuetan ordea, hala nola tren edo autobus geltokietako tabernetan, leku horiek propiotzat hartzen dituzte.
Ondorioa
Etxe-txolarrea gurekin bizi izan den ez-hezitako ornodun gutxietako bat da (ikus usoen kasua 5. Erreferentzian). Gure itzalean, mundu osora zabaldu da, bere burujabetasuna galdu gabe. Lorpen hori gure portaera ulertzeko eta horretara egokitzeko gaitasunean oinarritzen da.
Txolarreari buruz hitz egin ondoren, gutaz gogoeta egitea ere beharrezkoa da. Behin betiko kokalekuetan eta gero herrixka, herri eta hirietan bizitzen hasteak kanpoko mehatxuetatik babestutako ingurune berri bat ekarri zigun. Segurtasun hori, era berean, gure arreta biziraupen hutsaren jardueratik aldatzen joan zen arlo introspektibo, kolaboratibo eta sortzaileagoetara. Gure arretaren bira kopernikar horren emaitza zibilizazioa da. Beraz, etxe-txolarrearen arrakasta ez zen gertatu bere egokitzapen arrakastatsuengatik soilik, baizik eta gure jarduera barrura begira garatzen hasi ginenean berari atea ireki geniolako ere bai.
Erreferentziak eta Oharrak
1) Ravinet, M., Elgvin, T. O., Trier, C., Aliabadian, M., Gavrilov, A. & Sætre, G.-P. (2018). Signatures of human-commensalism in the house sparrow genome. Proceedings of the Royal Society B: Biological Sciences
2) Eredu demografiko genetiko bat biologia ebolutiboaren arloan erabiltzen den tresna bat da, DNAtik abiatuta populazio baten historia berreraikitzeko. Indibiduoak zuzenean zenbatu beharrean —hori ezinezkoa da duela milaka urte egindakoaz ari garenean—, ikertzaileek gaur egungo edo antzinako indibiduo erregistratuen aldakuntza genetikoa aztertzen dute. Aldakuntza horretatik abiatuta, ereduak kalkulatzen du noiz aldendu zen populazio bat beste batetik, ea aldi batzuetan handitu edo txikitu zen tamainaz, ea populazioen arteko migraziorik edo nahasketarik izan zen, eta espezie bakoitza zein azkar hedatu zen lurralde batean.
3) Bernat-Ponce, E., Luna, Á., Jiménez-Peñuela, J., & MacGregor-Fors, I. (2025). From pardal to etxe-txolarrea: An integrative review of the house sparrow Passer domesticus knowledge in the Iberian Peninsula. Animal Biodiversity and Conservation, 48(1): e0012.
4) Hegaztietan IHDa neurketa aipatzen duten hainbat iturri daude, etxeko etxe-txolarrea aztertzen dutenak barne. Artikulu honetan, neure neurriez bailatu naiz, narrazioa arintzeko. Edonola ere, ematen ditudan datuak bat datoz artikulu zientifikoek eskaintzen dituztenekin. Hau da berriena: García-Arroyo, M., MacGregor-Fors, I., Quesada, J., Borràs, A., Colomé-Menoyo, L., & Senar, J. C. (2023).“House Sparrow (Passer domesticus) escape behavior is triggered faster in smaller settlements.” Scientific Reports, 13, Article 2545. Beste hartikulu honek metodologia zehazten du: Blumstein, D. T. Flight-initiation distance in birds is dependent on intruder starting distance. J. Wildl. Manag. 67, 852–857 (2003). Hegaztiari begiratu gabe hurbiltzeko estrategiak kaioekin eta beleekin egindako ikerketetan erabili izan dira. Emaitzak IHDko balioen murrizketa adierazten dute, nik ikusitakoaren antzera.
5) Gure herri eta hirietan ikusten ditugun usoak ez dira hiriak kolonizatu dituen espezie basati bat. Etxekotutako haitz-usoetatik (Columba livia) datoz; eta ondoren ihes egin edo askatu egin zituzten. Bere etxeko jatorria da hiri-inguruneetan izan duen arrakastaren gakoa. Oxfordeko Unibertsitateko Biologiako Departamentuak 2022. urtean argitrtu zuen artikuluak gai hau jorratzen du. Wild ancestors of feral pigeons found living on British and Irish islands.
Oharra: Lan hau Hondarribiko Udaleko Euskara zerbitzuaren laguntzaz zuzendu da.