Lau ataleko Zorria eta Auzokoak seriearen barruan, hirugarren zatia da hau. Etxetik oso gertu daukagun zorriaren eremuan gertatzen diren hartuemanak bisitatuko ditugu.
Testuingurua
Zorriaren bizitzak etxondoan daukagun ekosistemaren kideetako harremanak adierazten digu. Serie honetan, lehenik eta behin, zorria deskribatu dugu, landareen parasito gisa, eta, bigarrenik, bere bizia mehatxatzen duten harrapariak. Hirugarren emanaldi honetan, ikusiko dugu zorriak mehatxu horietatik babesa ematen dion bazkide bat duela. Bi bazkide hauen arteko harremana antzina-antzinakoa da eta xehetasunez betea. Ikus dezagun!
Aurkezpena
Inurriak liztorren eta erleen ordena bereko intsektuak dira (Himenopteroak). Duela 130 eta 110 milioi urte bitartean sortu ziren, Kretazeo garaian. Aldi horren amaieran, inurriak dibertsifikatu egin ziren, landare loredunen agerpenarekin batera. Gaur egun, 14.000 inurri-espezie inguru ezagutzen dira, eta bakoitzak bere nitxo ekologikoa okupatzen du!
Agian, inurrien ezaugarri deigarriena beraien portaera soziala da. Hainbat zeregin bete ditzaketen eme esterilen koloniak osatzen dituzte. Horretarako, haztatzean, fluidoen trukean eta soinu- eta usaimen-seinaleetan oinarritutako komunikazio-sistema aberatsa erabiltzen dute. Inurrien bizitza konplexuari buruzko xehetasun gehiago nahi izanez gero, kontsultatu esteka hau.
Gaitasun sozial horrek beste intsektu batzuekin (mirmekofiloak) harremanak garatzeko balio izan die inurriei. Zorriekiko harremana oso ezaguna bada ere, inurrien hogei familietatik bik baino ez dute zorriekin harreman estua (Formicinae eta Dolichoderinae).
Zorriei dagokienez, uste da duela 50 eta 35 milioi urte hasi zirela inurriekin harremanetan. Beheko irudian garai hartako fosil batean (anbar Baltikoa), non inurri batek zorri bati heltzen baitio. Badira inurrien guztiz mende dauden zorri-espezieak. Badira ere noizbehinkako harremanak soilik dituztenak.

Inurriei egokitutako zorri espezieak otzanak dira, ezti-ihintza isurtzen emankorrak eta inurriak erakartzen ere bai; haien seinaleei erantzuteko iaioak dira. Gorputza doitua dute inurriek ezti-ihintza errazago jaso dezaten. Bestalde, zorriekin lan egiten duten inurriek beren usaimen eta kutikularen (intsektuaren kanpoko estaldura) osaketagatik ezagutzen dituzte.
Hain "otzanak" ez diren zorri espezieak ez dira ondo moldatzen inurriekin, errebelde samarrak dira eta liskar batzuk izan ditzakete haiekin. Inurriei egokitutako zorri espezie batekin landare bera partekatzen badute, inurriek jan egiten dituzte. Horrek gizakiok animalia basatiekin eta etxekotuekin dugun harremanaz gogorarazten digu!
Zorri Zaintza
Trukea. Inurrien eta zorrien arteko trukean bakoitzak zer irabazten duen jakitea dagiltzarria. Funtsean, zorriek

azukredun likido kontzentratu eta findua eskaintzen dute (ezti-ihintza). Inurriek ezin dute landareen izerdia eskuratu, izerdi gordin hori, digeriezina litzatekeelako haientzat. Zorrien ezti-ihintz likidoa zuzenean asimila daitekeen energia-iturri aberatsa da, eta inurriek "urdail soziala" izeneko konpartimentu berezi batean gorde dezakete, gainera. Aurrerago deskribatuko dugu nola erabiltzen duten hori.
Ekologoek baieztatu dute zorriei laguntzen dieten inurri-koloniak askoz zabalagoak eta egonkorragoak direla eta inguruguneko aldaketei hobeto aurre egiten dietela. Beraz, zorrien ezti-ihintzak eragiten dien abantaila handiak argi justifikatzen ditu zorrien zainketa lanak.
Erregai baliotsuaren truke, inurriek hainbat mehatxutatik babesten dituzte zorriak, aurrerago zehaztuko dugunez.
Bi aldeek tratuarekin irabazten dutela argi dago. Baina horrek ez du esan nahi harremana berdintasunezkoa denik. Inurrien eta zorrien arteko erlazioan batek mendu eta besteak onartu egiten du. Ezti-ihintza ekoizteari uzten dioten zorriak kendu edo zuzenean jaten dira!
Ikus ditzagun xehetasun gehiago erlazio honi buruz.
Ezti-ihintza ematea. Inurriek, zorri mirmekofiloak (beraiei egokituak dauden zorriak) erraz ezagutzen dituzte, haien kanpoko estaldura edo kutikularen osaera inurri enaren antzekoa baita! Hala, antenen bidez haztatu ondoren, berehala etxekotzat hartzen dituzte. Zorriek, aldiz, inurrien agurra atzeman ondoren, ezti-ihintza kanporatzen dute. Bisiten maiztasunaren arabera, melaza sortzeko ahalmena egokitzen dute. Ekoizpenaren maila oso altua bada, zorrien tamaina txikiagotzera eraman dezake.
Inurriek azkar zurrupatzen dute ezti-ihintza. Izan ere, zorriek bere anatomia inurrien ezaugarrietara egokitu dute, eta inurriek, aldiz, normala den baino ahalmen handiagoko “urdail soziala” dute. Horri esker, trago batez likido guztia barneratu eta eraman dezakete.

Pentsa genezake zorriekin harremanik ez duten gainerako inurri-espezieak desabantailan egongo direla. Baina naturan, denek garatzen dute beren espezialitatea. Adibidez, inurri-espezie “bidelapurrak” beste inurrien harrapari gisa espezializatu dira. Horrela, zorrien melaza eskuratzen dute hainbesteko lan eta neke pasa gabe!.

Defentsa. Ezti-ihintza erauzteko lanetan, inurriek zorrien koloniak bisitatu behar dituzte, baina aldi berean, beren babestuak defendatzeko eta zaintzeko ahaleginetan aritzen dira. Edozein arrotza sumatuz gero, alarma-seinale usain bat zabaltzen da. Dei horretara hainbat inurri kide azkar gerturatzen dira arrotza kanporatzeko.
Liztor parasitoideak oso zuhurrak dira arrautzak zorrietan barneratzen. Hegaz toki batetik bestera doazenez, inurriek ezin dituzte kolonietatik kanporatu. Hala ere, liztor-larbekin kutsatutako zorriak identifika ditzakete eta koloniatik kendu.
Ahalmen hori oso eraginkorra litzateke kolonia parasitoez garbi mantentzeko. Hala ere, liztor parasitoideek beren kontrako neurriak dituzte. Adibidez, inurriek landarean egiten duten arrastoa ezagutu eta gutxien zaintzen diren eremuak bilatzen dituzte!
Euli sirfidoen kasuan, inurriek arrautzak eta larba gazteak ken ditzakete. Hala ere, larbak estadio aurreratuetara igarotzen badira, inurriak geldiarazi eta hiltzen dituen likido itsaskor bat kanporatzen dute. Kasu honetan, inurriek dira harrapariarengandik ihes egiten dutenak!

Krisopa-arrautzak oso nabariak dira, eta inurri baten hozka batez leher daitezke, baina inurrientzat substantzia narritagarriak dituzte eta haietatik urruntzen dira.
Larbak azaleratzen direnean, zorrien barnekoak xurgatzen dituzte eta karkasa hutsez estaltzen dira kamuflaje gisa. Frogatu da estrategia horrek nolabaiteko arrakasta duela inurrien erasoak saihesteko.

Azken finean, inurriak zorrien babesle handiak dira, harraparien aurrean erabateko kontrola lortzen ez duten arren.
Mantentze-lanak eta Zainketak. Azaldutakoaz gain, jakina da inurriek beste kudeaketa-lan batzuk egin ditzaketela zorri kolonietan.
Adibidez, baldintzak desegokiak bihurtzen direnean zorrientzat, ale hegalkin batzuk agertzen dira, asentamendu berrien bila aritzen direnak. Inurriek artatutako zorrien kasuan, haiek hegoak mozten dizkiete, ihes egin ez dezaten.

Gainera, inurriek zorrien azalean uzten dituzten seinale kimikoek mugikortasuna murrizten dute, eta zorri alarma-hormona gutxiago igortzen dute.
Zorriek beren kabuz mugi ez daitezen lortzen badute ere, inurriek eurek kokapen berrietara eramaten dituzte.

Udazkenean, zorriek ziklo biologikoaren fase bat izaten dute, non arrautzak sortzen dituzte, negua bizirik irauteko. Izan ere, zenbait ikerketak azaltzen dute nola inurriek eraman ditzaketen arrautzak lurrazpiko kolonietara negua pasatzeko.
Amaitzeko, jakina da inurriek garbitasun-maila mantentzen dutela beraien zorridun landareetan. Landarearen gainean isuritako ezti-ihintza-hondarrak garbitzen dituzte eta landarea onddoez eta beste zorrien osasunari kalte eragin diezaioketen bestelako eragilez garbi mantentzen dute.
Ondorioa
Zorriek landarearekin eta harrapariekin duten harreman sofistikatua jorratu ondoren aurreko ataletan, bazkide gisa kalifikatu dezakegun hirugarren eragile batekiko (inurriekiko) harremana osatu dugu hemen. "Bazkide" hitzak harreman oso konplexu baten transakzio-izaera azpimarratzen du, milioika urtean zehar eraiki izan dena.
Ikusi dugunez, ez dago erabateko irabazlerik ezta erabateko galtzailerik harreman horietan. Sistemako kide guztiek bertan irauteko aukerak mantentzen dituzte. Hau ez dator bat guk egun naturarekiko dugun joerarekin. Oztopo egiten diguna zeharo akabatzen saiatzen gara.
Serie honetako azken atalean, gure baratz eta lorategiak lantzeko modua aztertuko dugu, sistemako kide gisa, besteekin batera biziz, errespetatuz.
Oharra: Lan hau Hondarribiko Udaleko Euskara zerbitzuaren laguntzaz zuzendu da.
Comments