Nekazaritza industrialaren eta Ekologikoaren arteko alde ekonomikoak azaldu ondoren, Nekazaritza Ekologikoen oinarri teknikoez arituko gara. Plurala erabiltzen dut, Ekologikoak hainbat aldaera tekniko barnean hartzen dituelako. Bakoitzaren egokitasuna askotan lurraldearen eta produktu motaren ezaugarriei lotuta dago. Baina oinarrizko kontzeptuak ere bere pisua badu nekazariaren aukeran. Kasu guztietan, ordea, hauek dira bete behar diren helburu nagusiak:
· Jasangarritasuna: Barazkiak eta fruituak era jasangarrian ekoiztea, ingurumena kaltetu gabe.
· Kalitatea: Produktuen kalitatea altua izatea (osasuntsuak eta goxoak)
· Prozesu Naturaletan oinarrituak :Laborantzako lanetan ekosistemaren zerbitzuez baliatzea,
Nekazaritza Ekologikoaren oinarriek ez dute zerikusirik Nekazaritza Industrialekoekin. Behean dator lehenengo horien laburpena.
Oinarrizko Kontzeptuak
- Biodibertsitatea da lurzoruaren aldakortasunaren gakoa.
Aurreko artikuluetan azaldu dugu landareen eta lurzoruko mikrobioen arteko partzuergoa (errizosfera).

Honako honetan, gogora ekarriko dugu partzuergo kideen elkarlan estua. Beraien mikrobioen ehuneko bat besterik ezin da laborategian bakarka hazi. Gainontzekoak, aldiz, ADN aztarnen bidez ezagutzen ditugu soilik, hainbestekoa da elkarren arteko mendekotasuna. Denak partzuergoetan bizi dira eta haietako asko egoera latentean mantentzen dira beraientzat egoera egokia iritsi zain. Zenbat eta kide gehiago bildu, orduan eta gaitasun handiagoa izango du partzuergoak landareari laguntzeko. Lehengaiak lortzeko lanetan, izurriteen aurkako defentsan eta egoera desegokiei aurre egiteko lanetan, besteak beste.
-Landareek lurzoruaren mikrobiota zaintzen eta elikatzen dute
Azkeneko hamarkadetan zehar indarrean zegoen landareen elikadura ereduaren arabera (H.W.Hunt et al.1987), lurzoruaren mikrobioek gai organikoak degradatzean, lehengaiak (nitrogeno, fosforo, sufre eta abar) askatzen dituzte landareek eskura ditzaten.
Ondorengo ikerketa lanek askoz sofistikatuagoak eta eraginkorragoak diren beste prozesu batzuk indarrean daudela erakutsi dute, ordea.
Landarearen hostoetan gauzatzen diren bidezidor fotosintetikoek atmosferatik jasotako argi-energia CO2-a azukre bihurtzen dute. Azukre molekulak energia gordailu gisa jokatzen du landarearen hazkundea bultzatzeko. Baina azukrearen zati bat beste zeregin batzuetarako erabiltzen da. Landareak azukrea sustraietara bideratu eta bertan kanporatzen du inguruko mikrobioei energia iturri gisa eskaintzeko.

Kanporatutako azukre “sustrai-exudatu” horrek karbono organikoaren deskonposizioa baino askoz (5 -30 aldiz) energia gehiago ekartzen die mikrobioei. Eskainitako energia iturri berri horrekin, mikrobioak sakonean ugaldu eta zabaltzen dira, han mineraletatik lehengaiak modu eraginkorrean lortzen dute, eta landareari haiek trukean eskaintzen dizkiete, adibidez. Horrela, mikrobioek landareak emandako karbonoa kontsumitu eta pilatu dezakete lurzoruaren azpiko kapa mineral sakonetan (Liang et al.,2017). Bestalde, mikrobioez osatutako lurzoru sakonagoen karbonoak ura xurgatu eta atxikitzeko ahalmen handiagoa du.
-Onddoen hartu-eman sarea.
Errizosferako hainbat kidek partzuergoen barruan elikagaiak banatzeko ahalmena dute. Onddoen koloniak zelula hoditsuez osatuak daude (hifak) eta landareen sustrai-exudatuek lurzoruko beste mikrobioei banatzen dizkiete.

Sare hauek, errepide sareen modura, elikagaiak beren inguruko partzuergoetara banatzen dizkiete.
Landare bakoitzaren errizosferatik at, onddoen sareek landareen arteko komunikazioa ere egiten dute. Sare horiek hainbat metrotako distantziak zeharkatzen dituzte.

Landare arteko lurrazpiko komunikabide sistema bat osatzen dute, beraz. Elikagaiez eta seinalez gain, landareek bakoitzaren errizosferako kideak ere trukatu ditzakete, onddoen harizko “erreiak” erabiliz.
-Soziobioma
Orain arte azaldutakoaren arabera, landareen sustrai-exudatuek mikrobioen babes antolatua sustatzen dute eta landareen arteko elikagai eta seinaleen trukaketa ere bai. Errizosferak, aldiz, bere seinaleak ere bideratzen dizkio landareari. Partzuergoak osatzean, beraiek landareei sustrai-ile berriak eginarazten diete, hartu-emana sendotzeko ahaleginean. Mikrobioen eta landareen arteko komunikazio sistema milaka konposatu organikok osatzen dute. Sistema hau ezagutzen hasiak gara. Hala ere, orain arte aurkitutako datuek adierazten dute seinale biokimikoei esker, mikrobio batek ondokoak nor diren eta non dauden jakin ahal izaten duela: detekzio soziala, alegia. Ikerlari batzuen arabera, “mikrobiomaz” gain, “soziobiomaz” aritu behar dugu.
-Landare mota ezberdinen arteko sustraien nahasketak, elkarren mikrobiomez baliatzeko aukera ematen du.
Esperimentalki egindako saiakerek, sustraien nahasketak produktibitate, immunitate eta estresarekiko erresistentzia handiagoak ekartzen dituela erakutsi dute.

Jenako Esperimentuan, lau landare talde eta 16 landare espezie erabili zituzten beraien nahasketek hazkundean duten eragina neurtzeko. Ikerlariek aurkitu zuten landare biomasa kopurua zuzenean handitu eginten zela landare nahasketan espezieen kopurua handitu ahala (ezkerreko irudia).
Halako erantzunek ez dute zerikusi handirik landare espeziearekin, bakoitzak lurrazpian duen errizosferarekin du lotura, Gopalek eta Guptak 2016ean argitaratu zuten ikerlanaren arabera.
Adibidez, lehorte-egoeretan, landareek ingurukoen mikrobioak errekruta ditzakete egoera horri aurre egiteko. Beste onurak ekartzen dutenak egoera latentean egoten dira. Egoera aldatzen bada partzuergoetatik bildu daitezke egokienak diren partaide berriak. Aurreko egoeran lagundu zutenak “erreserbara” pasatzen dira.
Prozesu hauek guztiak berez gertatzen dira. Partzuergokideak horretarako programatuak daude milioika urtez elkarlanean aritu ondoren.
Nekazaritza Ekologikoaren Aldaerak
Nekazaritza ekologikoaren bidez sortutako produktuak naturan indarrean dauden prozesuen bideetan oinarritzen dira. Beharrezkoa denez, araudi batzuk bete behar dira praktika egokiak egiaztatzeko, eta produktuek dagozkien kalitate zigilua eraman dezaten. Halako zehaztasunak artikulu honetatik at geratzen dira eta erreferentziako atalean hainbat informazio iturri ipini ditut.

Oro har, nekazaritza ekologikoak naturalki sortutako ongarriak erabiltzera derrigortzen du. Ongarri gisa, simaurra da ohikoena, baina hainbat gehigarri natural ere erabili ahal dira: karea, egurraren errautsak, hondarra, maskor hautsak, eta abar. Eragile sintetikoak debekatuak daude, bai ongarri eta bai botika (intsektizidak, herbizidak…) bezala erabiltzea. Badaude bide naturalak landareak babesteko. Baratzean, bertako biodibertsitateak bere eragileak eskainiko ditu izurriteak kontrolatzeko. Dena den, kanpotik ekartzea ere baimenduta dago. Eragile hauen erantzuna ez da erabatekoa, intsektizida edo belar-pozoiena ez bezala. Eragile biologikoak erabilita prozesuan trebatzen joaten da. Naturaren araudiarekin baratza edo lorategia lantzea onuragarria da, ordea. Osasunaren aldetik, ekonomikoki (gastu gutxiago dakar) eta beste pentsamolde batean sartzen gaitu. Naturari lotzen gaituen pentsamoldea.
Nekazaritza Birsortzailea

Nekazaritza Ekologikoaren aterkiaren azpian, badaude hainbat praktika gai jakin batzuetan enfasi handiagoa jartzen dutenak. Nekazaritza Birsortzaileak proposatzen du lurzoruaren estruktura mantendu behar dela. Hortaz, ez dela goldatu behar. Bestalde, errizosfera osasuntsu bat mantentzeko, lur-azala ezin dela bilutsik utzi kanpainen artean, estalki-landareak erabili behar direla, haien exudatuen bidez errizosfera mantendu ahal izateko.

Ondoren, estalki-landareek bertan zapaldu eta beraien konpostatze naturalak lurzorua babestu eta elikatzen jarraituko luke. Bitartean, hurrengo uzta bertan landatuz bere sustraiek estalki-landareei erreleboa emango liekete.
Nekazaritza birsortzailean ohikoa da uzta desberdinak zelai berean nahasturik ekoiztea, beraien arteko errizosferen efektu osagarriari probetxua ateratzeko. Tarteka, eta uztaren arabera, abereak ere sartu daitezke, hurrengo uzta sartu aurretik, landare-estaldura kontsumitu dezaten eta era berean, gorotzen bidez ongarritu dezaten.

Gurean, antzinako praktikak kontzeptu hauetan oinarrituak daude. Artoa eta baba elkarrekin landatzea aspaldiko ohitura da. Lehenak sostengua eta babesa ematen dio bigarrenari eta babaren nitrogenoa finkatzeko ahalmenek arto gosetiari elikagai preziatua eskura jartzen dio.
Euskal Herrian jakinduria handia pilatu da praktika horietan, eta gizaldietan zehar emaitza onak ere eman ditu.
Ondorioa
Nekazaritza milaka urteetan zehar burutu dugun zeregina da eta aldaketa asko gertatu dira bidean, aurreko artikuluetan azaldu dudanez. Azkeneko hamarkadetan, ordea, nekazaritzaren industrializazioak ingurunean eta osasunean ondorio oso kezkagarriak eragin ditu.
Ez da erraza izango joera horri buelta ematea, baina argi dago naturarekiko jarduera bateragarriak garatu eta hedatu behar direla. Nekazaritza ekologikoa eta, aldaera Birsortzailea bereziki, sustatu behar dira orain, bere garaian jakinduria eskura izan dezagun elikagaiak modu jasangarrian ekoizteko.
Erreferentziak
Erreferentzia orokor gisa, Jakoba Errekondok zuzentzen duen BIZI BARATZEA gomendatzen dizut. Informazio iturri oso aberatsa da baratzeko lanetarako. Inguruguneko artikuluak ere baditu. Harpidetu zaitezke haien berriak jasotzeko.
Nekazaritza Ekologikoaz informazioa jasotzeko, Ekolurraren orrialdea kontsultatzea gomendatzen dizut. Asko eskaintzen dute eta jardunaldiak ere prestatzen dituzte.
Nekazaritza ekologikoaren aldaerak ezagutzeko, Wikipediaren orria gomendatzen dut.
Ernest Mas, Tarragonako ekoizle batek, nekazaritza birsortzailea ezarri du bere ustiategian. Bere orria hau da: Verdcamp fruits. Beste esteka honetan berak emandako TEDx hitzaldi bat aurkezten da.
Bideo honetan, CREAFeko (Kataluniako Nekazaritza Ekologikoaren Ikerketarako Zentroa) Marc Grácia-k nekazaritza birsortzaileak karbonoa lurrean finkatzeko gaitasuna azaltzen du.
Nekazaritza Birsortzailea Euskal Herrian ere lantzen ari dira: David Gonzalezen Sustraiak Baserrian. Ikus EITBko erreportajea.
Oharra: Lan hau Hondarribiko Udaleko Euskara zerbitzuaren laguntzaz zuzendu da.
Comments