top of page
Search

Mokozabalen Odisea

Updated: Nov 11, 2024

Arratsaldea zakarra eta hozkirria zetorren Txingudiko badian, iraileko arratsalde hartan. Aireak usain minerala zeraman, eta ekaitza iragartzen zuen. Bat-batean, V forma osatzen zuen hegazti talde bat agertu zen, ibaiaren ertzeko pasealekuaren gainetik igaroz. Koilara formako moko horiek ez zuten zalantzarik uzten. Mokozabalak ziren. Ibiltariok isilik begiratzen gelditu ginen, liluraturik eta aldi berean harriturik. Orduan trumoiaren antzeko hegazkin baten aireratze ikaragarria entzun genuen. Hegazkina urrudu ondoren, mokozabalak desagertuak ziren. Norbaitek esan zuen: "Seguruenik Plaiaundin amaituko dute".

Zuzenean, autoan sartu eta berehala Plaiaundiko Parke Ekologikoan nengoen. Bertan hegazti-zale talde batek bere kamerak lurreratu berriengana zuzenduak zituen. Hantxe geratu ginen denok, geldi eta isilik. Ilundu aurretik, zaindariek poliki inguratu gintuzten, eta ahapeka errepikatu ziguten ateratzeko ordua iritsi zela.

Behatzaileen artean, gizon nagusi bat ezagutu nuen. Beste batzuetan elkarrekin topo eginak ginen han. Agur egin genion elkarri eta berak bere ondoan leku bat egin zidan.

"Zortea izan dugu gaur. Eguraldi txarra dator eta hemen geratzea erabaki dute. Hegazkina saihesteko itzulinguru bat egin behar izan dute, baina bazekiten nora joan behar zuten". 

"Zenbat denbora igaroko dute hemen?" galdetu nion.

"Atertzen duenean, hegaldia jarraituko dute. Normalean ez dira luzez geratzen. Aireportua, N1 Errepidea, RENFEren intermodala eta hiria hain gertu izanda, zaila dute. Gainera, hemengo elikatzeko gunea mugatua da. Horretarako, Urdaibai edo Santoña aukera hobeak dira".

Azalpenak eskertu eta agur esan nion, nahiz eta mokozabalei buruzko galdera gehiago sortu zitzaizkidan. Lehenengo bilaketan, mokozabalen migrazioari buruzko proiektu nederlandar bat topatu nuen, NIOZ. Hor banakako mokozabalei buruzko informazioa agertzen zen, eta batean jarri nuen arreta.


"Artemis" (Artemisia) 14 urteko mokozabal eme bat da, Wadden itsasoko erreserban jaioa, Herbehereen eta Alemaniaren artean. Ornitologoek “Artemis” hazten lagundu zuten, eraztunak hanketan jarri zizkioten eta GPS lokalizatzaile bat ere bai, non dagoen jarraitzeko aukera ematen duena (lotura honen  bidez jarraitu dezakezu). Artikulu hau argitaratzeko egunean, “Artemis” Waddengo itsasoan zegoen oraindik.


Jarraipen-sistema hau mokozabalen historia zoritsuaren azken kapituluaren zati bat besterik ez da. Duela milaka urte Europako hezegune asko okupatzen zituzten, baina populazioa pixkanaka murrizten joan zen ehizaren, habitataren suntsipenaren (batez ere hezeguneak nekazaritzarako egokitu izanaren) eta ibaien kutsaduraren eraginez. XX. mendearen erdialdean, bere kume-eremuak bi mundu-gerren agertoki izan ondoren, desagertzeko arriskuan deklaratu zituzten (Wadden uharteetan 40 bikote inguru zenbatu zituzten).


Ordutik aurrera, kontserbazio programak abiatu ziren. 70eko hamarkadatik, programa horiek bultzada handia jaso zuten, eta 90eko hamarkadan Wadden itsasoko eta Loirako (Frantzia) hezeguneak erreserba natural babestu gisa deklaratu zituzten. Gune horiek leheneratzeko lan eskergak programa trinkoekin batera egin zituzten, hegaztien hazkuntza, biziraupena eta migrazioaren jarraipena sustatzeko. 2020an Wadden itsasoan 2.000 bikote baino gehiago zenbatu zituzten. “Artemisek”, neurri handi batean, bere biziraupena zor die lan horretan aritu diren ornitologoei, Otto Overdijk-i kasu.


Une honetan, migrazioa da mokozabalentzako etaparik arriskutsuena. Mauritaniarako bidai bakoitzean hegaztien % 20 galdu daitekeela uste dute ornitologoek. Adibide gisa, 2021ean, "Wilco" gaztea abiatu aurretik hil zen eta GPS bidez aurkitu zuten. "Abel", beste gazte baten seinalea, Almendrako urtegian  (Zamora) galdu zen, eta desagertutzat jo zuten, zer gertatu zitzaion jakin gabe. Proiektu honi buruzko xehetasun gehiago hemen ikus daitezke.

Edozein hegazti migratzaileren ohiko zaurgarritasunei, hala nola nekea, bidea galtzea edo eguraldiaren gorabeheren menpe egotea, mokozabalei bereziak diren bi gehitu behar zaizkie.

Lehena elikatzeko modu berezia da. Ur geza eta gazia nahasten diren gune intermarealak aurkitu behar dituzte. Han, krustazeo txikiak, arraintxoak harrapatzen dituzte, haien moko bereziaz baliatuz. Bestalde, mokozabalek sentiberatasun berezia erakusten dute zarata arrotzak, argi artifizialak eta gizakien hurbiltasuna bezalako asaldaketen aurrean. Hori dela eta, babestutako hezegune naturaletako okupazio-mailak erreferentzia gisa erabili izan dira gune horien kalitatea neurtzeko.

Urdaibaiko biosferaren erreserban, Plaiaundiko lagunak esan zuen bezala, mokozabalek tarte nahiko zabala dute, Murueta, Axpe eta Kanala puntuen artean.

Hala ere, Muruetan ontziola batek eta uretako kirolariek edo itsaski-harrapaleek uxatu ditzakete. Litekeena da faktore horiek Atlantikoko korridoretik igarotako miatutako mokozabal guztien% 10-15 soilik Urdaibain geratzearen arrazoia izatea.

2009an hasitako esperimentu interesgarri batean, aintzira artifizial txiki bat sortu zuten jende gutxi dagoen gune batean (Orueta, beheko irudia) mokozabalen atsedena eta elikatzea errazteko.

5 urtetan zehar egindako bisiten azterketak erakutsi zuen erreserbara iristen ziren espatularen %42 bertan geratzen zirela, nahiz eta aintzirak hegaztientzat eskuragarri zegoen azaleraren %6 baino ez zuen hartzen, eta erreserbaren azaleraren %1 baino gutxiago. Horrek erakutsi zuen hegaztiek, hobekuntza apalak izan arren, ondo erantzuten zietela. Artikulua erreferentzien zerrendan dago.

Nabaritasun horrek, besteak beste, adierazten du lan garrantzitsua egiteko dagoela mokozabalak Urdaibain atseden hartzeko eta migrazioan biziraupen aukerak areagotzeko.


Baina kontserbazioaren bidea mehatxuz beteta dago. Ingurune naturalen edertasunak ustiapenerako aldarri gisa jokatzen du. Urdaibaiko Biosfera Erreserban, hain zuzen, hobekuntzarako bidea nabarmenki arriskuan jartzen duen egitasmo bat indarra hartzen ari da: Muruetako ontziolaren tokian bigarren Guggenheim museo bat eraikitzea, justu mokozabalen elikatzeko gunearen ondoan. Horrek ontziolaren espazioa naturalizatzeko aukera ezabatzeaz gain, erreserba kontserbatzeko proiektua arriskuan jartzen du. Jakina, proiektu horrek kontrako jarrera biziak sortarazi ditu.

Duela zazpi hamarkada, naturarekin elkartzeko gure nahiak mokozabal-patua aldatu zuen. Guri ere on egin zigun. Orain konpromezu hori berritu behar dugu, hurrengo belaunaldiek haiekin hazten jarraitu dezaten.

Naturaren aldeko konpromezuarekin jarraitzeko itxaropenaz Guggenheim Museoa Urdaibain ez eraikitzeko eskaera sinatzera gonbidatzen zaitut.

 



Erreferentziak

  1. Urdaibai 2016ko biosferaren erreserbako espatulei buruzko bideoa . Laburpen atsegin eta osoa.

  2. The benefits of a constructed lagoon for the conservation of Eurasian Spoonbills (Platalea leucorodia) in a tidal marsh. 2015eko artikulua, Oruetan, Urdaibain, urmael artifizial txiki bat sortzeko lanak eta emaitzak deskribatzen dituen artikulua.

  3. Horrela aldatu da hegaztien presentzia Euskadin azken 25 urteetan. 2023ko artikulua, Euskadiko hegaztiei dagokienez gaur egun bizi den egoera erakusten duena.

  4. Euskal kostaldeko estuarioak: Hollozenoan izan zuen bilakaera naturaletik Antropozeno bihurtu zeneko giza eraldaketara. 2014ko artikulu interesgarria, gure estuarioetan denborarekin gertatutako aldaketak deskribatzen dituena. Horrek garrantzia du hegaztien migrazioei dagokienez. Urdaibai da geratzen zaigun hegazti migratzaileentzako estuario egoki bakarra.

  5. Rewilding the planet. An archipelago constructed of sand and mud is bringing new life to a dead lake but can this bold experiment have a lasting impact? 2023ko artikulua, 2016an Wadden itsasotik gertu dagoen barne estuario batean uharte artifizialak sortzeko proiektu berri bat deskribatzen duena. Birnaturalizatzeak aurrera jarraitzen du!

  6. Eurasian Spoonbill (Platalea leucorodia leucorodia) – France. Frantziako mokozabalaren historia eta egoera azaltzen dituen dokumentua. Gai honetan ezin izan dut xehetasunik eman artikuluan.

Oharra: Lan hau Hondarribiko Udaleko Euskara zerbitzuaren laguntzaz zuzendu da.

Comments


HARPIDETZA

Harpidetu hitzaldi eta blogaren inguruko berriak jasotzeko.

Eskerrik asko harpidetzeagatik!

plant_edited.jpg

©Unai Ugalde 2025

bottom of page