Guggenheim Museo bat Urdaibaiko Natur Erreserban kokatzeko proiektuaz entzun nuen lehen aldia 2008an izan zen, eta ez nion sinesgarritasun handirik eman. UNESCOk* onartutako biosferaren erreserba natural miretsi baten erdian museo bat eraikitzeak bitxia zirudien. Beharbada, Bilboko lehen museoaren arrakastak eragindako euforiak botere publikoen eta Guggenheim Fundazioaren buruak berotzea eragin zuen. Baretuko zirela pentsatu nuen. Baina proiektuari buruzko albisteak prentsan agertzen jarraitu zuten noizean behin, eta horrek adierazten zuen asmo berekin jarraitzen zutela.
Maiatzaren 27an Guggenheim Urdaibai Stop (GU-STOP) elkartearen aurkezpen batean parte hartu nuen, eta bertan, kontu handiz landutako plan bat aurkeztu zuten, benetakoa izateaz gain, kezkagarria ere bazena. Proiektuak hainbat arlotan eragiten du, hala nola tokiko komunitateen osaera sozioekonomikoan, paisaiaren kudeaketan, gizarte ekimenen finantzaketan edo naturaren kontserbazioan, besteak beste. Azken alderdi horretaz arituko naiz hemen, baina besteei buruzko erreferentziak behean utziko ditut.

Sustatzaileek informazio eskasa eta sakabanatua eskaini dute urteetan zehar egindako gestioei buruz. Baina GU-STOPen lan metodikoak agerian utzi ditu erreserbako museo-instalazioak onartzeko bidea irekitzen duten administrazio-aldaketak eta lege-salbuespenak. Naturaren kontserbazioa inoiz ziurtatu zuen araudi-sarea kirurgikoki kimatzen aritu dira, proiektua babestutako eremuan egokitzeko.
Batek bere buruari galdetuko lioke, nolatan ekingo dioten museo bat eraikitzeari Urdaibain, hain zuzen ere. Ez da azalpen zehatzik ematen, baina pentsatzekoa da ingurune natural erreserbatu batean kokatzeak erakarpen bakar bihurtuko lukeela (Europan edo Ipar Amerikan horrelako proiektu bat onartzea pentsaezina da).

Proiektuaren babesleek diotenez, fauna eta florak ez dute eraginik jasango, baina ez dago baieztapen hori berma dezakeen aditurik.
Urdaibaiko Erreserba Naturala altxor bat da berez, eta museo bat bere baitan hartzeko ideia hutsa bateraezina da naturgune baten kontserbazioarekin, non natura erdigunean kokatzen den. Museoaren proiektuak erreserban kokatzearen onura paregabea jasotzen du, baina haren kalteberatasuna areagotzen du, eta biodibertsitatearen balioa zokoratzen du.

Proiektu honen ondorio arriskutsuak direla eta, beste leku batzuetan antzeko beste ekimen batzuentzat aurrekari bihur ez dadin erantzukizuna gurea da.
Ekimenaren aurka adierazitako kritikak ez dira artearekiko edo babesleekiko gorrotoan, iraganarekiko nostalgian edo beste irrika utopiko batzuetan oinarritzen. Babesleek beren proiektua hartzeko erabiltzen ez den industria-eremu baten naturalizazioari ekitea onartuko balute, benetan esaten diet gehiengoaren laguntza sutsua eta miresmena jasoko luketela.
Natura da gure planetako miraririk handiena, eta gu haren parte gara.
Erreferentziak
Guggenheim Urdaibai Stop. Webgunea. Proiektuari buruzko informazioa eguneratua du, bai eta hura ez gauzatzeko hartzen ari diren ekimenei buruzkoa ere.
Guggenheim-Urdaibai sí, pero no así . 2023 ko Apirilak 23. Ramon Zallo Elguezabal. Ikus-entzunezko Komunikazioko katedraduna, UPV/ EHUko irakasle emeritua eta idazlea.
El segundo Guggenheim que el PNV quiere impulsar en Urdaibai y por qué genera críticas. Newtral. 2024ko Apirilak 20 Pável García Carballido.
Se endurece el guion para construir el museo y se asoma el expolio de la Reserva de la Biosfera. 2024ko Uztailak 6. Ramón Zallo Elguezabal.
*Biosferaren Erreserba, Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (HBBE), Natura 2000 sareko eremu onartua eta RAMSAR Padura eta hezegune naturelen sareko eremua.
Oharra: Lan hau Hondarribiko Udaleko Euskara zerbitzuaren laguntzaz zuzendu da.

Comments