top of page
Search

Egoiliarren Negualdia

Updated: Aug 22, 2024

Aurreko bi sarreretan hegazti migratzaileak eta haiek intsektuekin eta landareekin duten harreman estua jorratu genituen. Beste hegazti batzuk bertan geratu eta neguari aurre egiten diote, ordea. Hotzak bere agintea ezartzen hasi den une honetan hegazti egoiliarrek biziraupenaren erronka nola gainditzen duten aztertuko dugu.


Neguko egoera

Neguak hegaztien biziraupena arriskuan jartzen du, funtsezko bi aldaketaren ondorioz:


Tenperatura jaitsiera. Hegaztiak odol beroko animaliak dira, gu bezala. Baina haien jarduera metabolikoa altuagoa da.

Ondorioz beraien odol tenperatura 42 gradu zentigraduren inguruan mantentzen dute.Kanpoko tenperatura hozten doan heinean, gero eta zailagoa da odol tenperatura mantentzea. Bestalde, hegaztien azalera eta bolumenaren arteko erlazioa nahiko altua da eta horrek beroaren hedapenaren alde jokatzen du, are gehiago hegaztiaren tamaina txikitzen den neurrian. Azkenik, hegaztiek ez dute hotzarengandik atsedenik hartzen, gauez aterpe edo gordelekuetan babestuz, beste animali batzuk egiten duten bezala. Kanpoan igarotzen baitute gaua, hotz gordinean.

 

Elikagaien eskasia. Neguan, argi-orduen murrizketak eta tenperatua baxuek jarduera

biologikoaren beherakada nabarmena eragiten dute. Intsektuek pupa edo arrautza forman mantentzen dira, edo hibernazioan sartzen dira (gero ikusiko dugu hori). Landare asko desagertu, lurrazpian gorde edo geldi geratzen dira. Hala ere, hotzak hegaztiak kaloria gehiago kontsumitzera behartzen ditu biziraupena ziurtarazteko. Beraz, egokitzapen garrantzitsuak gauzatu behar dituzte elikagaiak eskuratu ahal izateko.

 

Egoiliarren egokitzapenak

Gorputz Tenperaturaren mantentze-lanak.

Udazkenaren hasieratik, hegaztiek lumajea gehitzen hasten dira datorren hotzari aurre egin ahal izateko. Lumak kontu handiz harrotu eta apaintzen dituzte uropigio-guruinetik lortzen duten gantzarekin estaliz. Tratamendu honek irazgaiztu eta egokitu egiten ditu airea hobeto poltsaratu dezaten.

Neguan hegaztiak ikus daitezke adarren gainean puztuta balira bezala. Horrek adierazten du airea lumen artean poltsaratuz kanpotik isolatzen ari direla barruko beroa hobeto gordetzeko. Halaber, ohikoa da hegazti taldeak bat bestearen ondoan aurkitzea, beroa batera hobeto kontserbatzeko.

Neguko gauak hotzak eta luzeak diren arren, hegaztiek leku babestuak eta lasaiak bilatzen dituzte. Baina hotz handia egiten duenean, beraien gorputz-tenperatura jaisteko gaitasuna dute. Letargia edo lozorroa deritzon egoerak jarduera metabolikoaren moteltze bat dakar, hamar gradu arteko gorputz tenperatura jaitsierak lortuz. Beste animaliek letargiaz baliatzen dira negua bizirauteko. Baina hegaztien kasuan gauez gertatzen da soilik, egunez harraparien aurrean zaurgarritasuna sortuko lukeelako eta hegaztiek eguna elikagai kalorifikoak bilatzen eman behar dutelako.

Letargiaren bidez lortutako gorputz tenperatura jaitsierak bere mugak ditu. Hamar graduko jaitsieratik behera, biziraupena arriskuan dago. Beraz, hegaztiek beste mekanismoak indarrean jarri behar dituzte aldika beren burua berotzeko. Azken baliabidea dar-dar egitea da. Jarduera hau energi-koste handia du, ordea, eta epe laburreko irtenbidea da.

 

Orain arte ikusitako arazoez gain, lurrazalarekin kontaktuan dauden hanken bidez beroa galtzen da. Hori txikiagotzeko hegaztiek egokitzapen argiak garatu dituzte.

Haien hankak meheak dira lurrazalarekin kontaktua ahalik eta txikiena izan dadin. Odolaren fluxua ere baxua da. Bestalde, hanketara odol beroa daraman arteriak eta bueltan odol hotza ekartzen duen zainak kontaktu estua dute. Antolaketa honen bidez hanketara doan odola hoztu egiten da eta bueltan gorputzera datorrena berotu, gorputzaren barruko tenperatura ahalik eta beroen mantendu dadin (ikusi goiko irudia).

Hanken larrua ezkataz estalita dago beroaren isurketa gutxitzeko. Hotz handia egiten duenean, hegaztiek hankak lumen azpian gordetzen dituzte, hanka bakar bat aldika erabiliz, bestea lumen artean berotzen den bitartean.

 

Elikagaiak eskuratzeko egokitzapenak

Udazkena hasi eta berehala, hegazti egoiliarrak elikagaiak biziki biltzen hazten dira. Lortutako zati bat bertan jan eta erreserbak pilatzeko bideratzen da, baina gehiena han eta hemen ezkutatuko dute. Neguko despentsa osatzen ari dira, neguan zehar berriro leku horietatik eskasian izango diren elikagai preziatuak eskuratzeko. Leku berean altxor osoa gordetzeak txorientzat kaltegarria da, harrapari eta lehiakideentzako pista arriskutsuak ematen dituelako. Janari altxortxoa sakabanatzea askoz bizkorragoa da baina bere erronkak ekartzen ditu. Sakabanatzeko esfortzuari etekina ateratzeko, ezkutaleku eta atzemaniko altxor bakoitzaren oroimen zehatza gorde behar dute. Txori bakoitzak ehunka edo mila errazio ezkutuak eskuratu beharko ditu neguan zehar. Paridoetan (Kaskabeltz handia eta Amilotx urdinaren familiakoek) egindako ikerketek erakutsi dute udazkenean burmuineko hipocampo izena duen zatiak, espazioa gogoratzeko lana egiten duenak alegia, %30-eko hazkundea erakusten duela. Udaberria gerturatzen den heinean, ordea, erabilitako gordalekuez ahaztu eta hipokampoa berriro uzkurtzen joaten da.

Udaran aurkitzen diren elikagaiak, intsektu ala fruitu gozoak, esaterako, galkorrak dira eta ez dira ezkutalekuetan gordetzeko egokiak. Beraz, egoiliarrek beraien dieta egokitu behar dute, neguko egoerari aurre egiteko: hazi gehiago eta paketatuak dauden intsektuen formak aukeratu. Amilotx urdina intsektuez elikatzen da nagusiki, baina neguan hazi gehiago kontsumitzen du. Horretarako, udazkenean mokoa haziak hobeto txikitzeko egokitzen du. Beste hainbat hegaztiek berdin egiten dute.

Harrigarria badirudi ere, hegazti askok aurkitutako intsektuez elikatzen jarraitzen dute negualdian zehar. Intsektuek negualdia Diapausa egoeran igarotzen dute, lurzoruan, hostoen artean, edo zuhaitzen azalean ezkuturik. Gure ikuspegitik kanpo badaude ere, hegaztiek beraien ohiko babeslekuak ondo ezagutzen dituzte.


Landareen Papera.

Negualdia finkatzen denean landare askok hostoak galdu, bertan geldi edo haziak zabaldu eta desagertzen dira. Benetan, ordea, bere lana ezkutuan betetzen ari dira. Espezie batzuek bere haziak neguan zabaltzen dituzte egoiliar hegaztientzako fruituak eskainiz. Fruitu hauek ez dira gozoak, ordea, hegaztientzako barratxo energetikoak, baizik. Karbohidrato eta gantzez beteriko bonbatxo horiek zabaltzaileak bat-batean eransteko prestatuak daude, mamia digeritu eta haziak bere onean zabaldu dezaten.

Beheko taulan ikus daitezke neguko fruituak egiten dituzten 14 landare espezie. Badaude askoz gehiago, noski, baina gurean arruntenak hauek direla uste dut. Taula berean, erakusten da zein garaian eskaintzen dituzten beraien fruituak. Landare guztien artean fruituen eskuragarritasuna negualdi osoan zehar bermatzen dute. Hau zabaltzaileentzako onuragarria suertatzen da eta landare mota bakoitzari bere haziak zabaltzeko tarte "estelarra"ere bada.

Neguko fruituak sortzea nitxo ekologiko espezializatua da landareen artean. Zailtasunen artean, hegazti zabaltzaile gutxiago daudela esan daiteke. Onuren artean, ordea, beraien elikatze beharrak hil ala bizikoak dira. Beraz, aukeran dituzten fruituak derrigorrez, kontsumitu behar dituzte.

Adibidez, Zozoak eta Birigarroak era zorrotzean defendatzen dituzte gorosti, huntz eta antzeko zuhaixkak beraien jan-leku propioak bezala. Eskuineko irudian, zozo batek gurbe baten fruitua ahoan darama. Landarean fruituak dauden bitartean, zaintzeko ahaleginak egingo egingo ditu beste hegaztiak uxatzeko.

Badaude espezie oportunista batzuk zaintza hori alboratu, fruituen mamia bertan jan eta haziak landarean uzten dituztenak. Aurrez aipatutako kaskabeltz handia eta amilotx urdina iruzurgile horietako batzuk dira.

Azkenik, neguko goseak eraman litzake zabaltzaile egokituak ez diren animaliak neguko fruituak kontsumitzera, baina hazien inguruko geruzak toxinez beterik daude. Gutxi batzuk probatuz, beraientzat ez direla jakiten dute.


Ondorioa

Sarrera honetan hegazti egoiliarren neguko mehatxuak eta egokitzapen nagusienak laburki aurkeztu dira. Informazio zabalagoa hainbat erreferentziatan aurkituko duzu behean. Ziur nago argitu gabeko misterio asko ere aurkitzeko badaudela.

Naturak erakusten dituen egokitzapenak bere konplexutasunaren eta ibilbide luzearen ondorioa dira. Aipatu ez ditudan bi hegazti motako argazkiak uzten ditut behean. Harrapariak eta beleak. Egongo da haietaz zerbait erakusteko aukera!


Neguko fruituak sortzen dituzten 14 landare

Izen arrunt

Izen zientifiko

Fruituen garaia (Ileak)

Azeri mahats

6 -12

Elorri xuri

6 -3

Hagin

7-2

Elorri beltz

8 -1

Gurbeak

8 -12

Hesilahar

8 -1

Gorosti

8 - 6

Mihura

10- 6

Apo-mahats

10- 1

Basaerramu

11- 2

Arkakarats

11- 2

Gaukar

11- 2

Sagar makats / Txori-sagar

12- 3

Huntz

12- 7

Erreferentziak

2.     Una parte importante de la información sobre la relación de las aves con los frutos proviene del libro Birds and Berries. Barbara eta David Snow, 1988. ISBN-10 ‏ : ‎ 0856610496 , ISBN-13 ‏ : ‎ 978-0856610493.

3.     Bideoa. Hegaztiak neguan (Ipar Amerika) How do birds survive the cold winter 

4.     Bideoa. Hegaztiak neguan (Argentina) ¿Cómo sobreviven las aves en invierno? 

 

7. Bideoa. Neguaren loa (Pello Ramirez, 2022)

Oharra: Lan hau Hondarribiko Udaleko Euskara zerbitzuaren laguntzaz zuzendu da.


Zenbat hontz zulo honetan? Beleen luma-apainketa


Коментари


HARPIDETZA

Harpidetu hitzaldi eta blogaren inguruko berriak jasotzeko.

Eskerrik asko harpidetzeagatik!

plant_edited.jpg

©Unai Ugalde 2025

bottom of page